Budimirrek gola sartu du, eta Osasunak Malagari eutsi dio garaipenaren bidera itzultzeko (1-0)
Gorritxoak garaipenaren bidera itzuli dira hiru jardunaldiren ostean, aurrelari kroaziarraren bederatzigarren golari esker. Jagoba Arrasateren taldea nagusi izan da lehen zatian, baina bigarrenean sufritu egin du andaluziarren aurrean.
Budimir, gola ospatzen. Argazkia: EFE
Osasuna garaipenaren bidera itzuli da Malagaren aurka, hiru jardunaldiren ostean, Ante Budimirrek lehen zatian sartutako golari esker. Talde nafarra hasieran nagusi izan da, baina atsedenaldairen ostean sufritu egin du andaluziarren aurrean.
Neurketaren laburpena
Gorritxoak nagusi, lehen zatian
Jagoba Arrasatek aldaketak egin ditu hamaikakoan, eta talde gorritxoak Aimar Oroz partida hasieratik erabili du futbola sortzeko eta baloi irteera onak izateko. Etxekoek Rosierren erdiraketa bikain batekin abisua eman dute, Barjak pasea bakarrik jaso eta jaurtiketa azkarra egin du, baina Malagako atzealdeak aldaratu du baloia.
20. minutuan, Rosierrek erregate ona egin dio Larrubiari Ante Budimirren buruan erdiraketa bikaina jartzeko. Kroaziarraren burukadak Osasuna aurretik jarri du markagailuan. Budimirren denboraldiko bederatzigarren gola izan da.
Budimirren gola
Hegaletatik sakontasuna eta erdireketak bilatzen jarraitu dute gorritxoek. Moik eta Aimarrek euren kalitatea erakutsi dute. Bien bitartean, Malagak ez du erasoan ia ezer sortu, eta defentsan jarri du arreta. Bigarrena erortzeko zorian egon da. Barjaren jaurtiketa Herrerok gelditu du, baina aldaratzean Reciok mesede bat egin dio bere atezainari, Budimirri ahoko zuloan baloia kendu baitio. Segundo batzuk geroago, Budimirren bolea indartsua zutoinetik oso gertu alde egin du.
Jokoarekin baino gehiago bultza eginez andaluziarrak aurrera egiten saiatu dira, baina gorritxoek ez dute zalantzarik izan eta Iruñeko zerura bidali dute baloia, inolako kontenplaziorik gabe, arriskua urruntzeko. Budimirren beste jaurtiketa batekin bukatu da lehen zatia.
Bigarren zatian, zalantza gehiago
Neurketa gidoi berdinarekin abiatu da atsedenaldiaren ondotik. 53. minutuan, Budimirrek lekua egin eta ezkerkada bat atera du, baina baloiak langan jo du. Funesek hiru aldaketa egin ditu 15 minututan, partidaren norabidea aldatzen saiatzeko, eta ordutik aurrera kontrola hartu du Malagak. Niñok gorritxoen atzealdeari beldurra sartu dio, jaurtiketa on batekin. Malaga esnatu egin dira, eta Osasuna suarekin jokatzen ari zen.
Sadar urduri jarri da, bere taldeak lehen zatitik bigarrenera izan duen aldaketa ikusita. Juan Cruz buruz sartu da errematera, baloia punteria handirik gabe gurutzatuz.
Bigarren txartel horia, Catenari
Malagak bultza eta bultza egin du, baina ez du saririk izan. De Burgos Bengoetxea epaileak bigarren txartel horia atera dio Catenari luzapenean. Osasunak jokoan behera egin du, zalantzak sortu arte, baina epailearen azken txistuarekin, Sadarren bildutako 20.000 zaleek lasaitua hartu dute, hiru jardunaldiren ondoren berriro irabazi dutelako.
Zure interesekoa izan daiteke
Arrasate: “Partida gure eremura eraman behar dugu aukera gehiago izateko"
Sabalza: “Hurrengo hiru partidak gure ligakoen aurkakoak dira; irabaztea garrantzitsua da aurrea hartzeko”
Bretonesek ezker hankako soleoan min hartu du
Rafa Fernandezek 2028ra arte berritu du Osasuna Promesasekin
Osasunak Logroño United estutu du, baina Erregina Kopatik at geratu da (2-3)
Raul Moro: “Puntu positiboa da aurkari handi baten aurka"
Arrasate: “Beraien jokalari garrantzitsuenek bertsiorik onena berreskuratu dute, talde oso arriskutsua da”
Anai Morales Osasunara itzuliko da