Hirugarren kanporaketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Osasunak Logroño United estutu du, baina Erregina Kopatik at geratu da (2-3)

Adri Paradak aurretik jarri ditu gorritxoak lehen minutuetan, baina Sade Adamolekunek eta Cris Redondok markagailua irauli dute atsedenaldira iritsi aurretik. Bigarren zatian Maria Barquerok errioxarren hirugarren gola egin du, kanporaketa erabakitzen zuela zirudiena, baina Churrucak aldea murriztu du azken minutuan.

Osasuna-Logroño-United-Copa-de-la-Reina-Tajonar
Irudia: Osasuna

Osasuna Erregina Kopatik at geratu da gaur arratsaldean, Taxoaren jokatutako partidan, lehiaketako hirugarren kanporaketan Logroño Uniteden kontra 2-3ko emaitzarekin galdu ostean. Talde gorritxoak ezin izan du ezustekoa eman F Ligako hamabigarren sailkatuaren aurka, baina talde errioxarra asko estutu du.

Itxaropenerako partida hasiera

Norgehiagoka ezin hobeto hasi da talde gorritxoarentzat, partidako bigarren minutuan aurrea hartu baitu Adri Paradaren gol bati esker. Erdilari errioxarrak baloia lapurtu eta bikain bukatu du jokaldia erremate zehatz batekin.

Partida hasiera oso bizia izan da. Bisitarien artean, Barquero izan da jokalari aktiboenetako bat, arriskua sortzen saiatu da. 20. minutuan iritsi da talde errioxarraren berdinketa, Sade Adamolekun erdilari jamaikarraren bitartez.

24. minutuan, Nuria Rodriguez Osasunako atezainak gelditu bikaina egin du, Logroño Uniteden bigarren gola saihesteko. Handik gutxira, Errioxako taldeak beste abagune bat izan du markagailuan aurrea hartzeko, Cris Redondoren jaurtiketa batek zutoina ukitu baitu. 32. minutuan, Margarita Gimenezek Nuria ezustean harrapatu nahi izan du urruneko jaurtiketa batekin, baina ez du bere xedea lortu.

Hala ere, lau minutu beranduago Cris Redondok ez du barkatu talde jokaldi bikain bat amaitu eta markagailuari buelta emateko. Maria Barquerok Segoviako aurrelariari asistentzia eman dio, Cataren baloi sakon bat jaso ondoren. Logroño Unitedek abantaila handitu nahi izan du atsedenaldia baino lehen Cataren jaurtiketa on batekin, baina zorionez emaitza ez da gehiago aldatu.

Luzapena behartzeko gol baten faltan, bigarren zatian

Aldageletatik igaro ostean, bigarren zatiaren hasieran aukera paregabea izan du Errioxako hiriburuko taldeak. Maria Barqueroren jaurtiketa bat kanpora joan da oso gutxigatik. Osasunak berehala erantzun du Adri Paradaren erremate batekin. Olatz Santana atezain hernaniarrak desbideratu baloia, eta langan jo du kanpora joan aurretik.

Talde gorritxoarentzako belarrondokoa 72. minutuan iritsi da, Maria Barquerok errioxarren hirugarren gola egin baitu, kanporaketa oso maldan gora jarriz. Hala ere, Osasunak ez du etsi eta lanean jarraitu du. Horrela, gorritxoek itxaropenaren gola sartu dute norgehiagokaren azken minutuan. Churrucak egin du 2-3koa. Luzapenean saiatu da markagailua berdintzen talde nafarra, baina ez da posible izan.

Publizitatea
X
Publizitatea
X