Eibarrek 0-0 berdindu du Oviedorekin igotzeko play-offeko finalerdietako joaneko partida
Eibarrek 0-0 berdindu du Oviedorekin Carlos Tartiere estadioan jokatutako Lehen Mailara igotzeko play-offeko finalerdietako joaneko partida. Ondorioz, Ipuruan erabakiko da kanporaketa, ekainaren 12an.
Oviedo erasokor zelairatu da. Etxeko taldeak baloia kontrolatu du eta Eibar atzean sartu du. Hala ere, lehen abagune argia talde armaginak izan du: Corpasek aurkariari driblina egin nahi izan dio, jaurti beharrean, eta alferrik galdu du gola sartzeko aukera. Gainera, bederatzi minutu geroago, Eibarrek beste abisu bat eman du, eta Stoichkoven jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da. Asturiasko taldearen erantzuna 21. minutuan heldu da, baina Colombattoren jaurtiketak ez du Luca Zidanek babestutako atea aurkitu.
Ondoren, lehen zatiko azken 25 minutuak parekatuak izan dira. Bazirudien bi taldeetako bat ere ez zela gai izango aurkariaren ate ingurura arriskua eramateko. Dena den, 44. minutuan, Luca Zidanek Oviedoren gola saihestu du, Alemaoren errematea geldituta.
Bigarren zatiaren hasiera bizia izan da. Hala ere, ez Oviedok ez Eibarrek ez dute abagune argirik izan. Defentsak aurrelariei nagusitu zaizkie, eta parekotasuna izan da nagusi. Hori bai, jokalariek baloi guztiak borrokatu dituzte.
Norgehiagoka golik gabe berdinduta iritsi da azken txanpara. Bi taldeak gola egiten saiatu dira, itzuliko neurketara abantailarekin heltzeko. Hurbilketa batean, Oviedok abagune argia izan du 90. minutuan; Paulinoren erremateari, ordea, erantzun bikaina eman dio Luca Zidanek. Gero, 93. minutuan, armaginek izan dute gola egiteko aukera, baina Konraden errematea kanpora joan da.
Horrenbestez, golik gabeko berdinketarekin amaitu da partida, eta Ipuruan erabakiko da zein taldek lortuko duen finalerako txartela, ekainaren 12ko partidan.
Fitxa teknikoa:
0 - Oviedo: Leo Roman; Viti, Luengo, Dani Calvo, Pomares (Abel Bretones, 87. min); Sebas Moyano (Paulino, 75. min), Luismi, Colombatto, Borja Sanchez (Dubasin, 64. min); Borja Baston (Alex Millan, 75. min) eta Alemao (Masca, 87. min).
0 - Eibar: Luca Zidane; Rober Correa (Sergio Alvarez, 75. min), Berrocal (Tejero, 87. min), Arbilla, Cristian; Nolaskoain, Matheus; Aketxe, Mario Soriano, Corpas (Konrad, 87. min); eta Stoichkov.
Epailea: Quintero Gonzalez. Txartel horia atera die Borja Sanchez (61. min), Viti (72. min) eta Dubasin (89. min) Oviedoko jokalariei, baita Stoichkov (6. min) Eibarko futbolariari ere.
Zure interesekoa izan daiteke
Eibarrek Unai Elgezabal fitxatu du, 2026-2027 denboraldirako
Erdiko atzelari bizkaitarra Levante taldetik iritsi da Eibarrera. Elgezabalek, 33 urtekoa bera, esperientzia du talde armaginean; izan ere, duela hamar urte ere aritu zen bertan. Gainera, Angel Tronchok ez du jarraituko Jokin Aranbarriren taldean.
Emma Moreno Eibarrera itzuli da, Atletico Madrilek utzita
Madrildarra joan den udan iritsi zen lehen aldiz talde armaginera, 19 urtez azpiko Europako txapeldun izan ondoren. Guztira, 29 partidatan parte hartu zuen iragan denboraldian, eta 1.500 minututik gora jokatu zituen.
Eibarrek iragarri du Javi Martinezek ez duela klubean jarraituko
Soriako jokalaria 2025eko neguko merkatuan iritsi zen Ipuruara, Osasunatik, eta Eibarren ibili den urte eta erdian 14 partida jokatu ditu, eta gol bat sartu. Eldensen ariko da aurrerantzean.
Marianna Seidl estatubatuarra, Eibarren hamargarren aurpegi berria
Ezker hegalekoa Brisbane Roar taldetik heldu da, Australiatik.
Eibarrek Lucas Nuñez fitxatu du
20 urteko erdilaria Valentziatik dator, utzita.
Eibar atezainik gabe, Luis Lopezek atzamar bat hautsi eta Jonmi Magunagoitiak gainkarga baitu
Larunbat honetan Eibarrek bere lehen lagunartekoa jokatuko du Alavesen aurka eta zaila izango da bietako bat prest egotea. Ondorioz, armaginek harrobiko atezainen bat zelairatu beharko dute.
Eibarrek denboraldiaurreko lehen entrenamendua egin du, Areition
Talde armaginak ilusio handiz ekin dio denboraldiari. Iñaki Goikoetxeak, asteazken honetan, 22 jokalari izan ditu bere esanetara.
Simona Boterok Eibarren jokatuko du, 2027ra arte
Erdiko atzelari kolonbiarra talde armaginaren bederatzigarren fitxaketa da, eta Espanyoletik dator.
Eibarrek Samara Ortiz fitxatu du
Talde armaginak jakinarazi duenez, 2027ra arte fitxatu du futbolari madrildarra.
Nerea Sanchez, Eibarko jokalari berria
Talde armaginak 2028ra arteko kontratua sinatu du erdilariarekin.