Eibarrek kolpea eman dio Leganesi Butarquen, eta Lehen Mailara igotzeko lehian sartu da (0-2)
Eibarrek garaipen handia lortu du gaur gauean Leganesen etxean (0-2), ordu erdi baino gehiago gizon bat gutxiagorekin jokatu badu ere, eta Hypermotion Ligako liderrarengandik puntu batera kokatu da sailkapenean.
Partida parekatua izan da, baina armaginek ez dute barkatu ate aurrean, eta Peru Nolaskoainek eta Jon Bautistak sartutako golei esker gailendu dira.
Hasieratik, Joseba Etxeberriaren mutilak garaipenaren bila atera dira; Leganeseko jokalariak, berriz, ordenatuta egon dira, kontraerasoan min egiteko asmoarekin, Luca Zidanen ate inguruan arrisku handirik sortu ez badute ere.
Edonola ere, partidako lehen gol aukera garbiena madrildarrek izan dute 9. minutuan, baina Diego Garciaren burukada langara joan da.
Armaginen erantzuna jarraian iritsi da, korner batetik abiatutako jokaldian. Matheusek erdiratu du, eta bigarren zutoinean, Nolasekoainek buruz sartu du gola, errematea bakar-bakarrik eginda.
Eibarren bigarrena gol ederra izan da, eta Leganes partida estutzen ari zenean heldu da. Stoichkovek jokaldi ikusgarria egin du area ertzean, arerioz inguratuta. Pase bikaina eman dio Bautistari, eta honek, bi defentsa gainetik kenduta, ez du barkatu Conderen ate aurrean.
Atsedenaldiaren ostean, armaginek erritmoari eutsi diote eta beste gol bana sartzeko aukera izan dute Stoichkovek eta Bautistak. Ez du asmatu, eta partida erabat aldatu da 59. minutuan, epaileak Juan Berrocal kanporatu duenean, bigarren txartel horia atera eta gero.
Une horretatik aurrera, norgehiagoka zoratu egin da. Liderrak Eibar bere arean sartu du, eta 62. minutuan penaltia eskatu dute etxekoek, baina epailek ez du halakorik ikusi.
Hamar minutu geroago, Joseba Etxeberriak Stoichkov eta Bautista zelaitik atera ditu, Sergio Alvarez eta Sergio Leon haien ordez sartzeko. Apurka-apurka, Eibarrek Leganesen oldarraldia gelditzea lortu du, eta bi goleko abantailari partida amaiera arte eutsi dio.
Horrenbestez, armaginek oso garaipen landua eta garrantzitsua eskuratu dute, Lehen Mailara igotzeko lehian bete-betean sartu direlako, eta joan den astean Ipuruan Espanyolen aurka luzapenean jasandako porrot mingarria ahaztea ekarriko duelako.
Fitxa teknikoa:
0 - Leganes: Diego Conde; Nyom (Borja Lopez, 46. min), Arambarri (Djouahra, 64. min), Sergio Gonzalez, Franquesa (Ureña, 84. min); Brasanac (Miguel de la Fuente, 64. min), Undabarrena (Juan Cruz, 46. min), Neyou, Portillo; Dani Raba eta Diego Garcia.
2 - Eibar: Luca Zidane; Corpas (Alday, 86. min), Berrocal, Arbilla, Rios Reina; Nolaskoain, Matheus; Aketxe (Vencedor, 86. min), Soriano (Venancio, 62. min), Stoichkov (Sergio Alvarez, min.75); eta Bautista (Sergio Leon, 75. min).
Golak: 0-1, 11. min: Nolaskoain. 0-2, 33. min: Bautista.
Epailea: Damaso Arcediano Monescillo. Txatel horiak atera dizkie Brasanaci, Luca Zidaneri, Rios Reinari eta Sergio Leoni. Berrocal kanporatu du, bigarren txartel horia aterata.
Zure interesekoa izan daiteke
Marianna Seidl estatubatuarra, Eibarren hamargarren aurpegi berria
Ezker hegalekoa Brisbane Roar taldetik heldu da, Australiatik.
Eibarrek Lucas Nuñez fitxatu du
20 urteko erdilaria Valentziatik dator, utzita.
Eibar atezainik gabe, Luis Lopezek atzamar bat hautsi eta Jonmi Magunagoitiak gainkarga baitu
Larunbat honetan Eibarrek bere lehen lagunartekoa jokatuko du Alavesen aurka eta zaila izango da bietako bat prest egotea. Ondorioz, armaginek harrobiko atezainen bat zelairatu beharko dute.
Eibarrek denboraldiaurreko lehen entrenamendua egin du, Areition
Talde armaginak ilusio handiz ekin dio denboraldiari. Iñaki Goikoetxeak, asteazken honetan, 22 jokalari izan ditu bere esanetara.
Simona Boterok Eibarren jokatuko du, 2027ra arte
Erdiko atzelari kolonbiarra talde armaginaren bederatzigarren fitxaketa da, eta Espanyoletik dator.
Eibarrek Samara Ortiz fitxatu du
Talde armaginak jakinarazi duenez, 2027ra arte fitxatu du futbolari madrildarra.
Nerea Sanchez, Eibarko jokalari berria
Talde armaginak 2028ra arteko kontratua sinatu du erdilariarekin.
Eibarrek Pejiño eta Imanol García de Albeniz aurkeztu ditu
Eibarrek Pejiño eta Imanol Garcia de Albeniz fitxaketa berriak aurkeztu ditu. Gallartakoak ondo ezagutzen du Eibar, utzita aritu baitzen eta berriro dator atzeko lerroa indartzera. Pejiñok, aldiz, metro batzuk aurrerago, erasoan jokatzen du, eta azken metroetan jokalari erabakigarria izateko fitxatu du Eibarrek.
Eibarrek denboraldiaurrea hasi du Areition
Eibarrek gaur ekin dio denboraldiaurreari Areition, Jokin Aranbarri entrenatzaile berriaren eskutik. Gaur estreinatu dituzte lehen taldearen instalazio berriak. Guztira, lehen taldeko 22 jokalarik lan egin dute, eta bigarren taldeko 6 jokalari batu zaizkie. Ivan Gil bakarrik falta izan da.
Eibarrek Imanol Garcia de Albeniz fitxatu du, 2029ra arte
Ezker hegaleko atzelari bizkaitarra, 2022-2023 denboraldian, Eibarren aritu zen, Athleticek utzita. Talde armagineko futbolari berria Sparta Pragatik iritsi da; 2025-2026 denboraldia, baina, Andorran eman du, Hypermotion Ligan.