Badajozek Kopatik kanpo utzi du Eibar (3-1)
Eibarrek ez du jarraituko Errege Kopan, merezimenduz galdu baitu ostegun honetan Badajozen aurka (3-1), txapelketako final-hamaseirenetako kanporaketan.
Armaginek arriskua sortuz ekin diote neurketari, lehenengo minutuan Extremadurako taldearen ateko langaren aurka jo baitu baloiak, eskuin aldetik erdiratutako jokaldi batean. Hori bai, Fobi atzelaria izan da bere atean gola sartzetik gertu egon dena, arriskua alderatzeko ahaleginean.
Aitzitik, hurrengo minutuetan, etxekoak izan dira jokoaren ekimena bereganatu dutenak, eta 21. minuturako 2-0 irabazten jarri dira. Lehendabiziko gola kontraeraso batean etorri da, eta Fobi bera arduratu da Badajozen lehena erdiesteaz, Ekhi Bravo ezker hegalekoaren defentsa gainditu ostean (8. minutua).
Handik gutxira, jokalari berak izan dira protagonista berriz ere Eibarren area barruan, Ekhik penaltia egin baitio Fobiri, eta hala adierazi du epaileak. Alex Correderak ez du etxekoen bigarren gola erdiesteko aukera paregabea huts egin penalti puntutik.
Nuevo Vivero futbol-zelaian bildutako ikusleak zoratzen zeuden, Bigarren B Mailan ari den etxeko taldea garbi ari baitzitzaion nagusitzen Lehenengo Mailakoari. Dena den, Charles armaginak Badajozeko zaleen poztasuna zertxobait eten du 27. minutuan, Traorek penaltia egin baitio Eibarko aurrelariari, eta brasildarra bera arduratu da markagailuko aldea murrizteaz (2-1).
Badajozek ez du behera egin gol hori jaso ostean, eta ia berehala hirugarrena erdiesteko parada izan du geldikako jokaldi batean, baina Caballeroren ahalegina Yoelen atetik kanpora joan da gutxigatik (31. minutua).
Lehiak ez du bizitasunik galdu atsedenaldira heldu bitartean, eta Eibar gailentzen joan da apurka-apurka, baina aukera garbirik sortu gabe.
Bigarren zatia hastearekin batera, Jose Luis Mendilibarrek lehen aldaketa egin du, Cubero aldageletan utzi eta Edu Exposito berdegunean jarrita.
Tarte horretan, neurketaren erritmoa asko baretu da, baloi-jabetza gipuzkoarrena zelarik erabat, baina kostatu egiten zitzaien aurkariaren atean arriskua sortzea.
Aitzitik, lau minuturen buruan (57an eta 61ean) Marik eta Quique Gonzalezek bi abagune nabarmen izan dituzte, area barrutik egindako bi jaurtiketaren bitartez, baina Garrantxo etxekoen atezainak aldendu egin ditu ahal izan dituen moduan.
Zoritxarrez armaginentzat, balizko berdinketatik 3 eta 1ekora igaro da markagailua. Extremadurakoek korner bat atera dute, eta lehen zutoinean jauzi egin duen Pablo Vazquezek baloia doi-doi ukitu du sare barrura bidaltzeko, defentsa eta atezaina ustekabean harrapatuta.
Gol horrekin kanporaketa guztiz erabakita geratu da, hortik eta aurrera gipuzkoarrak ezinean ibili baitira. Edu Expositok azken saiakera egin du urrutitik, baina langatik gora joan da bere jaurtiketa.
Fitxa teknikoa:
3 – Badajoz: Garrancho, Fobi, Morgado, Vazquez, Traore, Bikoro, Sergi Maestre, Guzman (Aquino, 65. min), Caballero, Corredera (Portero, 89. min) eta Santamaria (Candelas, 80. min).
1 – Eibar: Yoel, Correa (Tejero, 63. min), Cubero (Edu Exposito, 45. min), Paulo Oliveira, Ekhi Bravo, Cristoforo, Sergio Alvarez, Mari, De Blasis, Quique Gonzalez (Sergi Enrich, 74. min) eta Charles.
Golak: 1-0, 7. min: Fobi. 2-0, 20. min: Corredera (penaltiz). 2-1, 28. min: Charles (penaltiz). 3-1, 71. min: Pablo Vazquez.
Epailea: Del Cerro Grande. Txartel horiak: Guzman eta Maestre (Badajoz); Correa eta Cristoforo (Eibar).
Zure interesekoa izan daiteke
Emma Moreno Eibarrera itzuli da, Atletico Madrilek utzita
Madrildarra joan den udan iritsi zen lehen aldiz talde armaginera, 19 urtez azpiko Europako txapeldun izan ondoren. Guztira, 29 partidatan parte hartu zuen iragan denboraldian, eta 1.500 minututik gora jokatu zituen.
Eibarrek iragarri du Javi Martinezek ez duela klubean jarraituko
Soriako jokalaria 2025eko neguko merkatuan iritsi zen Ipuruara, Osasunatik, eta Eibarren ibili den urte eta erdian 14 partida jokatu ditu, eta gol bat sartu. Eldensen ariko da aurrerantzean.
Marianna Seidl estatubatuarra, Eibarren hamargarren aurpegi berria
Ezker hegalekoa Brisbane Roar taldetik heldu da, Australiatik.
Eibarrek Lucas Nuñez fitxatu du
20 urteko erdilaria Valentziatik dator, utzita.
Eibar atezainik gabe, Luis Lopezek atzamar bat hautsi eta Jonmi Magunagoitiak gainkarga baitu
Larunbat honetan Eibarrek bere lehen lagunartekoa jokatuko du Alavesen aurka eta zaila izango da bietako bat prest egotea. Ondorioz, armaginek harrobiko atezainen bat zelairatu beharko dute.
Eibarrek denboraldiaurreko lehen entrenamendua egin du, Areition
Talde armaginak ilusio handiz ekin dio denboraldiari. Iñaki Goikoetxeak, asteazken honetan, 22 jokalari izan ditu bere esanetara.
Simona Boterok Eibarren jokatuko du, 2027ra arte
Erdiko atzelari kolonbiarra talde armaginaren bederatzigarren fitxaketa da, eta Espanyoletik dator.
Eibarrek Samara Ortiz fitxatu du
Talde armaginak jakinarazi duenez, 2027ra arte fitxatu du futbolari madrildarra.
Nerea Sanchez, Eibarko jokalari berria
Talde armaginak 2028ra arteko kontratua sinatu du erdilariarekin.
Eibarrek Pejiño eta Imanol García de Albeniz aurkeztu ditu
Eibarrek Pejiño eta Imanol Garcia de Albeniz fitxaketa berriak aurkeztu ditu. Gallartakoak ondo ezagutzen du Eibar, utzita aritu baitzen eta berriro dator atzeko lerroa indartzera. Pejiñok, aldiz, metro batzuk aurrerago, erasoan jokatzen du, eta azken metroetan jokalari erabakigarria izateko fitxatu du Eibarrek.