Eibarrek Valentziaren aurka galduta ekin dio urte berriari
Eibarrek porrota jaso du Valentziaren aurka (1-0) Mestallan jokatu duen Ligako 19. jardunaldiko partidan, eta 19 punturekin amaitu du lehen itzulia, jaitsiera postuetatik aldentzearen helburua lortu ez duelarik.
Neurketaren hasieran Valentzia izan da baloiaren jabe, eta etxeko taldeak arriskua eraman du Dmitrovicek babestutako ate ingurura. Zazpigarren minutuan abagune oso argia izan du Valentziak, gutxigatik kanpora joan den Ferran Torresen jaurtiketa gurutzatuaren bitartez. Eibarren erantzuna hiru minutu beranduago etorri da, baina Inuiren jaurtiketak ez du Jaumek defendatutako atea aurkitu. Valentziak gola sartu du 13. minutuan Maxi Gomezen bitartez, baina epaileak baliogabetu egin du, aurrelaria jokoz kanpo egon delako. Eibar ezinean ibili da, eta Valentzia izan da nagusi Mestallako berdegunean. Rodrigok kanpora bota du errematea 18. minutuan, eta, 23.ean etxeko taldeko aurrelaria ez da errematea egitera iritsi Maxiren pase on baten ostean. Valentziaren ekinak saria jaso du 26. minutuan; Wassek erdiraketa bikaina egin, eta Maxi Gomezek 1-0ekoa sartu du.
Gola hartu ostean, Eibar hobeto jokatzen hasi da. Talde armaginak abisu bat eman du Edu Expositoren bitartez, eta berdinketa gertu izan du Jaume atezainak desbideratu duen Pedro Leonen jaurtiketa bikain batekin. Valentziako atezainaren gelditu bikainak eragotzi du Eibarrek neurketa berdintzea.
Ondo ekin dio Eibarrek bigarren zatiari, eta Bigasen errematea langara joan da 50. minutuan, Jose Angelek ateratako korner baten ondoren. Erasokor zelairatu da talde armagina, eta Valentzia kontraerasoko jokaldietan min egiten saiatu da. Rodrigo Morenok izan du abagunea 56. minutuan; area barruan sartu da, baloia gurutzatu, eta Maxi Gomez ez da errematea egitera iritsi.
Bigarren zatiko lehen minutu eroen ostean, norgehiagokaren erritmoa motelagoa izan da, eta bi taldeei asko kosta zaie abaguneak sortzea. Partidako 77. minutuan, ordea, Eibar gola sartzetik gertu egon da, baina Jaume atezainak eragotzi du, Charlesen burukada desbideratuta. Valentziako atezaina protagonista izan da bi minutu beranduago, Pedro Leonen jaurtiketari erantzun bikaina emanda. Beste aukera bat izan du Eibarrek lehiako 85. minutuan; Enrich area barruan sartu da, atera jaurtitzeko aukera izan du, baina denbora pila galdu eta pase txar bat eman ostean, ezerezean geratu da armaginen abagunea. Segidan, Valentziak izan du abagunea, baina Dmitrovic atezainak ondo itxi dio bidea Gameirori. Berdinketa lortzen saiatu da Eibar, baina helburua lortzea zailago jarri zaio, Oliveirak bigarren txartel horia ikusi baitu 90. minutuan, eta egotzia izan baita. Luzapenean, talde armaginak ezin izan du arrisku jokaldirik egin, eta porrotarekin joan da Mestallatik.
Fitxa teknikoa:
1 - Valentzia: Jaume Domenech, Wass, Diakhaby, Paulista, Gaya, Parejo, Coquelin (Cheryshev, 89. min), Ferran, Soler, Rodrigo (Kondogbia, 83. min) eta Maxi Gomez (Gameiro, 71. min).
0 - Eibar: Dmitrovic, Tejero, Oliveira, Bigas, Cote, Pedro Leon, Sergio Alvarez (Atienza, 65. min), Exposito, Inui (De Blasis, 71. min), Charles (Quique, 82. min) eta Sergi Enrich.
Gola: 1-0, 27. min: Maxi Gomez.
Epailea: Alejandro Jose Hernandez Hernandez. Txartel horiak atera dizkie Wass (77. min) Valentziako jokalariari eta Charles (62. min) Eibarko futbolariari. Oliveira egotzi du (90. min) bi txartel horia aterata.
Zure interesekoa izan daiteke
Emma Moreno Eibarrera itzuli da, Atletico Madrilek utzita
Madrildarra joan den udan iritsi zen lehen aldiz talde armaginera, 19 urtez azpiko Europako txapeldun izan ondoren. Guztira, 29 partidatan parte hartu zuen iragan denboraldian, eta 1.500 minututik gora jokatu zituen.
Eibarrek iragarri du Javi Martinezek ez duela klubean jarraituko
Soriako jokalaria 2025eko neguko merkatuan iritsi zen Ipuruara, Osasunatik, eta Eibarren ibili den urte eta erdian 14 partida jokatu ditu, eta gol bat sartu. Eldensen ariko da aurrerantzean.
Marianna Seidl estatubatuarra, Eibarren hamargarren aurpegi berria
Ezker hegalekoa Brisbane Roar taldetik heldu da, Australiatik.
Eibarrek Lucas Nuñez fitxatu du
20 urteko erdilaria Valentziatik dator, utzita.
Eibar atezainik gabe, Luis Lopezek atzamar bat hautsi eta Jonmi Magunagoitiak gainkarga baitu
Larunbat honetan Eibarrek bere lehen lagunartekoa jokatuko du Alavesen aurka eta zaila izango da bietako bat prest egotea. Ondorioz, armaginek harrobiko atezainen bat zelairatu beharko dute.
Eibarrek denboraldiaurreko lehen entrenamendua egin du, Areition
Talde armaginak ilusio handiz ekin dio denboraldiari. Iñaki Goikoetxeak, asteazken honetan, 22 jokalari izan ditu bere esanetara.
Simona Boterok Eibarren jokatuko du, 2027ra arte
Erdiko atzelari kolonbiarra talde armaginaren bederatzigarren fitxaketa da, eta Espanyoletik dator.
Eibarrek Samara Ortiz fitxatu du
Talde armaginak jakinarazi duenez, 2027ra arte fitxatu du futbolari madrildarra.
Nerea Sanchez, Eibarko jokalari berria
Talde armaginak 2028ra arteko kontratua sinatu du erdilariarekin.
Eibarrek Pejiño eta Imanol García de Albeniz aurkeztu ditu
Eibarrek Pejiño eta Imanol Garcia de Albeniz fitxaketa berriak aurkeztu ditu. Gallartakoak ondo ezagutzen du Eibar, utzita aritu baitzen eta berriro dator atzeko lerroa indartzera. Pejiñok, aldiz, metro batzuk aurrerago, erasoan jokatzen du, eta azken metroetan jokalari erabakigarria izateko fitxatu du Eibarrek.