Eibarren garaipen bolada bikaina Oviedon bukatu da (3-1)
Talde armagina bi goleko aldeaz galtzen ari zen atsedenaldian, eta Carlos Dominguez erdiko atzelariaren bigarren golak azken txanpan garaipena eman die asturiarrei. Armaginak erreskan zazpi neurketa irabaztetik zetozen.
Oviedok Eibarren zazpi garaipeneko bolada ona eten du astelehen honetan, eta lidergorik gabe utzi du 3-1eko emaitzarekin. Atsedenaldian talde asturiarra bi goleko aldearekin irabazten ari zen dagoeneko. Azken txanpan Carlos Dominguez erdiko atzelariaren bigarren golak garaipena eman di asturiarrei.
Neurketaren laburpena
1-0: Mikel Gotiren gola
Eldan azken jardunaldian egin zuen bezala, Oviedok denbora gutxi behar izan du aurkariaren atea zulatzeko. Hirugarren minutuan, Enzo Perezek ezker hegalean jokaldia egin du, baloia Mikel Gotiri utzi dio eta erdilariak Guruzeta atzean utzi eta, jaurtiketa zehatz batekin, Magunagoitia gainditu eta 1-0ekoa jarri du markagailuan.
Oviedok neurketa kontrolatzen jarraitu du eta Younessek bigarrena izan du urrutitik egindako beste jaurtiketa batekin, baina pixkanaka Eibarren erasoak gero eta arriskutsuagoak ziren, eta Aaron Escandellek ere gero eta geldiketa gehiago egin behar izan ditu.
Oviedoko atezainak Jon Bautistaren burukada bat aldaratu du lehenengo, ondoren denboraldiko geldiketetako bat egin dio Magunazelaiari, armaginak atzelari asturiarren opari bat jaso ostean, eta, azkenik, Guruzetaren jaurtiketa bat gelditu du.
Eibarrek huts egindako abagune horiek guztiak aprobetxatu ditu Oviedok, eta azken minutuan sartu du 2-0ekoa, Carlos Dominguezi esker.
2-0: Carlos Dominguezen gola
Arambarrik ez du itxaron eta atsedenaldian Peru Nolaskoain, min hartuta egon dena, Elgezabalen ordez zelairatu du. Bigarren zatiko lehen erasoa Oviedok egin du, Samu Rodriguezek ezkerraldetik egindako jokaldi batekin. Arbilla baloia bere atean sartzeko zorian izan da.
Eibarren Pejiño eta Ivan Gil berdeguneratu dira Guruzetaren eta Magunazelaiaren ordez, eta Oviedon, berriz, Nacho Vidal, Villahermosa eta Jose Luis Morales debutaria izan dira David Jimenez, Youness eta Mingo ordezkatu dituztenak.
Oviedo lasaiago zegoenean eta bere garaipena ziurtatuta zirudienean, Eibar partidan sartu da amaierarako ordu laurden baten faltan. Eskuinaldean hegaleko sake batekin hasi den jokaldian, Ivan Gilek Escandell area barruan fusilatu eta 2-1ekoa egin du.
2-1: Ivan Gilen gola
3-1: Carlos Rodriguezen gola
Partidako azken txanpa horretan, armaginek estutu dute, eta Julian Calerok Costas zelairatu du bost atzelariko lerroa jartzeko. Carlos Dominguezek 3-1ekoa sartu du, atzelari galiziarrak bi gol sartu ditu eta partida erabakita utzi du Oviedoren alde.