Sonia Bermudez da Espainiako selekzioko hautatzaile berria, eta Iraia Iturregi izango du laguntzaile
Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) iragarri duenez, Montse Tomek Espainiako selekzioko hautatzaile izateari utzi dio, eta Sonia Bermudezek ordezkatuko du karguan.
Bermudezek Iraia Iturregi izango du laguntzaile; hau da, Athleticeko jokalari eta entrenatzaile ohia izango da Espainiako selekzioko bigarren entrenatzailea.
Montse Tomek Jorge Vilda ordezkatu zuen karguan, Vildaren aginduetara Espainiak Munduko Txapelketa irabazi ostean. Tome Vildaren talde teknikoan zegoen, eta munduko txapeldun izan eta gero hautatzaile izendatu zuten asturiarra.
Hala, bada, hautatzaile kargua hartu zuenetik, Tomek 2024ko Nazioen Liga irabazi zuen Espainiarekin; gero, 2025ean, Eurokopako txapeldunorde izan zen, finala Ingalaterraren kontra galduta penaltien txandan.