David Gonzalez nafarra, Atletico Madrilen entrenatzaile berria
Tuterako entrenatzaileak ibilbide luzea du nazioartean, baina emakumezkoen futbolean bere aurreneko abentura izango da. Prestatzaile nafarra Boliviako Oriente Petrolero taldetik iritsi da talde madrildarrera.
David Gonzalez Sanz tuterarra, koltxoneroen entrenatzaile izateko sinatu ondoren. Irudia: Atletico Madril
Atletico Madrilek eta David Gonzalez Sanzek akordioa itxi dute, prestatzaile nafarra (1985-04-16, Tutera) koltxoneroen entrenatzaile berria izateko 2027ko ekainaren 30era arte, talde madrildarrak ohar bidez jakinarazi duenez.
Tuterako entrenatzailea Oriente Petrolerotik (Boliviako lehen mailan dabil) heldu da klub koltxonerora. Nafarra Dominikar Errepublikako 23 urtez azpikoen eta selekzio absolutuaren hautatzailea izan da, eta Dominikar Errepublikako Atletico Pantoja eta Boliviako Real Tomayapo klubak ere zuzendu ditu.
Kontratu berria sinatu ostean, Gonzalezek "oso pozik eta ilusioz gainezka" dagoela adierazi du. "Klub handi honen mailan egotea espero dut, erronka garrantzitsua delako. Taldeak zale izugarriak ditu, eta klubak maila gorenean egotea merezi du", gaineratu duenez.