Urdaibai Coruñako Banderako irabazle, bigarren jardunaldian ere garaipena lortuta
Urdaibaik irabazi du Cidade da Coruña Bandera, igande honetan (uztailak 10) jokatu den bigarren jardunaldian garaipena lortuta. Asteburu biribila izan da bermeotarrentzat, larunbateko lehen jardunaldia ere irabazi baitzuten.
Estropadako lehen luzearen amaieran jarri da buruan Urdaibai, eta amaieraraino eutsi dio lehen postuari. Bermeoko taldeak 20 minutu eta 10 segundoko marka egin du. Atzetik, lehia polita eskaini dute Donostiarrak eta Hondarribiak. Azkenean, Donostiarra izan da bigarren irabazlearekiko ia bi segundora. Hirugarren postuan amaitu du Hondarribiak, Urdaibairekiko lau segundora. Orio izan da laugarren, 20 minutu eta 24 segundoko markarekin, bosgarren izan den Kaikurena segundo bakarrarengatik hobetuta.
Eusko Label Ligako sailkapen nagusiko liderra da Donostiarra 43punturekin. Galizian egin duen lan bikainari esker Urdaibai dago bigarren postuan 42 punturekin. Orio eta Hondarribia 41na punturekin dira, hirugarren eta laugarren postuetan hurrenez hurren.