Oriok Donostiarraren festa zapuztu du eta Arraun Lagunakek titulua gertuago du Ondarroan irabazita
Udako bederatzigarren garaipena Eusko Label Ligan horientzat Ondarroako Banderan, Donostiarra saririk gabe utzita, eta Ondarroa izan da hirugarren etxeko estropadan. Euskotren Ligan, berriz, Arraun Lagunakek bere hamaikagarren garaipena lortu du bere kanoikada berezia jaurtiz.
Arraun Lagunak eta Orio nagusitu dira Ondarroan. Argazkiak: EFE.
Gauzek berdin jarraitzen dute. Eusko Label Ligan, Oriok udako 9. garaipena lortu du XLII. Ondarroako Bandera-Cikautxo Sari Nagusia irabazita, eta saririk gabe utzi du Donostiarra. Arkaitz Diazen mutilak bigarren sailkatu dira Gipuzkoako hiriburuan Aste Nagusia hasi den egun berean, eta Ondarroak hirugarren postua lortu du etxeko estropadan.
Euskotren Ligan, berriz, Arraun Lagunakek udako 11. garaipena lortu du, VI. Ondarroako Bandera-Cikautxo Sari Nagusian nagusituta. Lugañenek orain arte jokatu diren estropada guztiak irabazi ditu denboraldi honetan. Gaurkoan 18 segundora utzi du Tolosaldea, eta 19ra Astillero. Juan Mari Etxaberen taldeak, baina, bere bertsiorik onena erakutsi behar izan du bigarren luzean, ohi baino presio handiagoa izan ostean lehenengoan.
Orio garaile haizearen eta marearen kontra
Eusko Label Ligako estropada denboraldiko zirraragarrienetakoa izan da. Oriok udako 9. garaipena lortu du ohorezko txanda irabazita, Zierbena, Bermeo eta Getariaren aurretik, baina gogor aritu behar izan du azken metroraino.
Meteorologia nabarmen aldatu da bigarren txandaren eta ohorezko txandaren artean. Zerua izugarri ilundu da eta haizea gogor jotzen hasi da. Hori dela eta, Donostiarrak, Ondarroak eta konpainiak bigarren txandan egindako denborak ohorezko txandakoak baino hobeak izango zirela pentsarazi dio bati baino gehiagori.
Hala ere, Oriok beste erakustaldi bat eman du, eta pronostiko guztien aurka, Torrekua II ontziak ezarritako markak hautsi ditu, batez ere haizearen kontra egin den azken luzean. Azkenean, Orio nagusitu da Ondarroako uretan, 5 segundoko aldea aterata Donostiarrari eta 14koa Ondarroari. Zierbenak, Bermeok eta Getariak lehen luzean bakarrik eutsi diote Gorka Aranberriren taldearen erritmoari.
Bigarren txandan, Donostiarra izan da nagusi, eta Ondarroa, Hondarribia eta Lekittarra sailkatu dira jarraian. Arkaitz Diazek zuzentzen duen ontziak bueltako luzeetan atera du aldea, sentsazio onak batzen jarraitu eta duela aste batzuetako sentsazio txarrak atzean utzita.
Lehen txanda Santurtzik irabazi du, San Juanen aurretik. Jaitsiera zuzena saihesteko lehian, berriz, Chapela Aresi gailendu zaio.
Arraun Lagunakek estutasunak gainditu ditu bigarren luzean
Euskotren Ligako ohorezko txandan, Astillerok eta Tolosaldeak oso gertutik eutsi diote lehen luzean Arraun Lagunakek ezarritako erritmo gogorrari, San Juan atzetik urrun samar geratu den bitartean.
Hala ere, ziabogaren ostean, Donostiako ontziak dena zehaztuta utzi du. Beste martxa bat sartu du, eta ziabogan zuen segundo bateko aldea 18ra handitu du. Lugañene ontziaren itzulerako luzea ikusgarria izan da. Tolosaldea izan da bigarren, Astillero helmugaratu da hirugarren, eta San Juan, berriz, laugarren.
Lehen txanda Oriok irabazi du, ez polemikarik gabe. Hibaika jaun eta jabe izan da hasi eta buka, baina azken metroetan Oriok Errenteriakoei presioa sartu dio, arraunak jotzeraino.
Arraun talka oriotarren kalean gertatu da, eta epaileek 3 segundoko zigorra ezarri diote Hibaikari. Helmugan bigarren sartu arren, Orio nagusitu da horrela. Atzetik, Donostiarrak Zumaiarekin zuen borroka partikularra irabazi du, jaitsiera postuetatik aldentzeko.