Carapaz izan da indartsuena eguneko ihesaldian, Orcieres-Merletteko igoeran eraso erabakigarria jota
EF Education - EasyPost taldeko eskalatzaile ekuadortarrak zuhur jokatu du azken kilometroetan, eta garaipena poltsikoratu du. Tourrean bigarren etapa garaipena du, Super Devoulyn irabazi eta bi urtera.
Richard Carapaz, Orcieres-Merletteko helmugan. Argazkia: EFE
Richard Carapaz ekuadortarrak irabazi du Oriceres-Merletteko gailurrean, Frantziako Tourreko hamazortzigarren etapan. Tourrean bigarren etapa garaipena du, Super Devoulyn irabazi eta bi urtera.
EF taldeko txirrindularia eguneko ihesaldiko indartsuena izan da, lehen mailako azken mendatean eraso indartsua jo eta gero.
Carapazek 45 segundoko errenta lortu du Mauro Schmid suitzarrarekiko eta Matteo Jorgenson estatubatuarrarekiko, eta 1:14koa Valentin Paret Peintre frantziarrarekiko. Mendiko puntuen maillota lortzeko lehian ari dira Carapaz eta Paret Peintre.
Oraingoz, Pogacar da sailkapen horretako liderra, puntu bateko aldea baitu Paret Peintrerekin eta zazpikoa Carapazekin, Alpeetako bi etapa handien faltan.
Bestalde, sailkapen nagusiak aldaketa gutxi izan ditu, faborito guztiak batera helmugaratu dira 4:35era, eta Pogacarrek lidergoan jarraitzen du, Remco Evenepoel belgikarrari 4:32ko errenta eta Isaac del Toro taldekide mexikarrari 6:51koa aterata. Paul Seixas frantziarra laugarren da 7:11ra, eta Juan Ayuso espainiarra bosgarren 9:22ra.
Etapan zehar, Brando McNulty estatubatuarrak, Pogacarren eta Del Tororen UAEko taldekideak, lasterketa utzi behar izan du, bezperan Adam Yatesek eta Tim Wellensek pairatu zuten birus baten ondorioz.