Philipsenek bere lehen garaipena lortu du, Voironeko esprintean
Bere esprint bideratzaileak, Mathieu Van der Poelek, ia eskura utzi dio garaipena esprinter belgikarrari. Alpecineko txirrindulariaren hamaikagarren garaipena da Tourrean, aurtengo edizioan, lehena. Mauro Schmid suitzarra eta Olav Kooij herbeheretarra gainditu ditu helmugan.
Jasper Philipsen belgikarra, Voironen. Argazkia: EFE
Jasper Philipsen belgikarrak irabazi du hamazazpigarren etapan (Voironen amaitu da), esprintean. Ihes egindako 25 txirrindularik hartu dute parte azken esprint horretan. Bere esprint bideratzaileak, Mathieu Van der Poelek, ia eskura utzi dio garaipena esprinter belgikarrari.
Alpecineko txirrindulariaren hamaikagarren garaipena da Tourrean; aurtengo edizioan, lehena. Mauro Schmid suitzarra eta Olav Kooij herbeheretarra gainditu ditu helmugan.
Belgikarra esprintetarako faboritoetako bat zen, baina orain arte ez du distirarik egin. Gaur iheslarien taldeko azkarrena izan da, eta 08:46ko aldearekin iritsi da helmugara, faborito nagusi guztien aurretik. Beraz, sailkapen nagusian ez dago aldaketa handirik, eta Tadej Pogacar esloveniarrak jarraitzen du lider.
Mendiko hiru etapa gogorren faltan, igandeko Parisko azken jardunaldia baino lehen, UAEko txirrindulariak 04:32ko errenta du Remco Evenepoel belgikarrarekin alderatuta, eta 06:51koa, Isaac del Toro mexikarrarekin erkatuta. UAEko taldekidea atzean geratu da etapako lehen kilometroetan, baina faboritoen taldera itzultzea lortu du.
Jasper Philipsen, etapa garailea
Neure buruaz zalantza egitera iritsi naiz
Philipsenek aitortu duenez, bere buruaz zalantza egin du Frantziako Tourrean, aurreneko garaipena lortu baino lehen. "Ondo prestatuta nentorren, baina lehen etapetan oso gaizki nenbilen. Azkenean etapa irabazi ahal izan dut. Taldeari eskerrak eman nahi dizkiot, 17 egunetan zehar ez baitu nigan konfiantza galdu", nabarmendu du Alpecineko txirrindulariak.
"Lan asko egin behar izan dut aurreko ihesaldian sartzeko. Baina taldeak aurrera hegan eraman nau", adierazi du.
"Neure buruaz zalantza egitera iritsi naiz Tour honetan. Horri aurre egiteko burbuila batean sartu nintzen, ez nituen sare sozialak begiratzen, taldekideekin eta familiarekin ibili naiz. Horri esker lortu dut garaipena", gaineratu du.