Roglicek irabazi du Anglirun, Vingegaarden aurretik, eta Kussek zortzi segundogatik eutsi dio maillot gorriari
Jumbo-Visma taldeko Primoz Roglic txirrindulari esloveniarrak irabazi du, asteazkenean, 2023ko Espainiako Vueltako hamazazpigarren etapa, Angliru mendate mitiko eta gogorrean. Roglic Jonas Vingegaard taldekidearekin batera helmugaratu da, eta Jumbo-Vismako beste ziklista bat, Sepp Kuss sailkapen nagusiko liderra, hirugarren izan da, 19 segundora; hortaz, Kussek maillot gorriari eutsi dio, Vingegaardekiko zortzi segundoko aldea duela. Jumbo-Vismak, beste behin, erakustaldia eman du, eta Bahrain-Victorious taldeko Mikel Landa murgiarra ere ibili da bikain; Landa laugarren helmugaratu da, Kussekin batera sartuta, eta sailkapen nagusiko bosgarren tokira igo da.
Gogoan izateko moduko ikuskizuna izan da asteazkeneko etapan, aurreikusita zegoenez. Antolatzaileek prestatutako ibilbidean, Angliru mendatea alde batera utzita, 1. mailako beste bi mendate zeuden kokatuta: La Colladiella eta Cordal, hain zuzen ere. Probako indartsuenentzako eguna espero zuten zaleek, eta horrelakoa izan da: Jumboko hiru txirrindulariek, hau da, Sepp Kussek, Jonas Vingegaardek eta Primoz Roglicek, aurkari latz bakarra izan dute, Mikel Landaren Bahrain taldea, eta arabarra ezin hobeto ibili da.
Sailkapen nagusiko aurreneko hirurak biziki indartsu dabiltza; hiru horiek talde berean egoteak arazoak ere ekar litzake, kirol zuzendariarentzat, lasterketako estrategia planifikatzeko. Anglirun, Primoz Roglicek erakutsi du anbiziorik handiena; Vingegaard taldekideekin ibili da une oro, aurrera jo gabe; Kuss helmugarako bi kilometro gelditzen zirela geratu da atzean, eta, gerora, igoera erritmo politari eutsi dio, Mikel Landarekin batera. Mendiko bi etapa dituzte oraindik aurretik txirrindulariek, bata ostegunean eta bestea larunbatean, eta Jumbo-Vismak eskura du garaipena; baina ez dago argi hiru liderretako zeinek jantziko duen igandean, Madrilen, 2023ko Espainiako Vueltako azken maillot gorria.
Beste txirrindulari bat ere nabarmendu behar da, berriro ere: Remco Evenepoel. Hasieratik ibili da bera ihesaldiaren bila. Belgikarra, sailkapen nagusian aukera guztiak galdu zituenetik, etengabe ari da saiatzen, eta anbizio handia ari da izaten, beti borrokalari. Mattia Cattaneo taldekideak, gainera, lan bikaina egin dio, Soudal Quick-Stepeko liderrak errematea jar zezan… edo, behintzat, ahalegina egin ahal zezan.
Evenepoelek bakarka lasterketa buruan ekin dio Angliru igotzeari, lasterketa buruan; haren aldeko aldea, baina, txikiegia zen, pentsatzeko etapa garaipena poltsikoratu ahalko zuela. Bahrain taldeak izan du erantzukizun handia horretan; izan ere, Landaren taldeak, Wout Poels eta Santiago Buitrago ederki aritu direla, hiru ziklista baino ez dituzte utzi faboritoen taldean: Kuss, Vingegaard eta Roglic. Angliru igotzen ari zirela, horrenbestez, sei txirrindulari zebiltzan lasterketa buruan: Bahraingo hiru, eta Jumboko beste hiru. Gainerakoek, hau da, Enric Masek, Juan Ayusok, Joao Almeidak, Marc Solerrek, Aleksandr Vlasovek edo Cian Uijtdebroeksek, ezin izan dute erritmoari eutsi.
Roglic ahalegindu da gehien, eta erraztu du taldetxoan Bahraingo txirrindulari bakarra geratzea: Landa. Esloveniarrak eta Vingegaardek atzean utzi dute Sepp Kuss, lainopean, mendateko azken zatian, baina aurreneko lau ziklisten arteko aldeak ez dira handiak izan. Roglicek lehen etapa garaipena eskuratu du Espainiako Vuelta honetan, eta inpresioa da oraindik asko dagoela ikusteko eta argitzeko hemendik igandera bitartean.
Ostegunean, oraingoz, beste etapa gogor bat izango da: Cruz de Linares mendatean amaituko da. Berriro ere, egun zaila eta erabakigarria, eta, gainera, asteazkenean pilatutako nekea kontuan izan beharko da.
ETAPAKO SAILKAPENA:
1 - ROGLIC Primoz (Jumbo) 3:15:56
2 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) d.b
3 - KUSS Sepp (Jumbo) +0:19
4 - LANDA Mikel (Bahrain) d.b
5 - POELS Wout (Bahrain) +0:44
6 - ALMEIDA Joao (UAE) +0:58
7 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) +1:20
8 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) d.b
9 - AYUSO Juan (UAE) +1:42
10 - MAS Enric (Movistar) +1:43
SAILKAPEN NAGUSIA:
1 - KUSS Sepp (Jumbo) 60:34:21
2 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) +0:08
3 - ROGLIC Primoz (Jumbo) +1:08
4 - AYUSO Juan (UAE) +4:00
5 - LANDA Mikel (Bahrain) +4:16
6 - MAS Enric (Movistar) +4:30
7 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) +6:43
8 - VLASOV Aleksandr (BORA) +7:38
9 - ALMEIDA Joao (UAE) +9:26
10 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) +11:26
Zure interesekoa izan daiteke
Eddie Dunbar gailendu da Peñas Blancas mendatean, eta Enric Masek erraz eutsi die aurkariei
Txirrindulari irlandarra bakarka helmugaratu da, Santiago Buitrago bukaerarako 500 metroren faltan gainditu eta gero. Primoz Roglic saiatu da Enric Mas atzean uzten, baina liderrak ondo eutsi die eraso saiakera guztiei, eta eskura dauka Vuelta.
Küngek irabazi du erlojupekoa eta Masek lidergoa mantendu du
Enric Masek maillot gorria mantendu du El Puerto de Santa María eta Jerez de la Frontera arteko erlojupekoan. Primoz Roglicek aldea murriztu du, baina ez lidergoa arriskuan jartzeko adina. Stefan Küngek irabazi du etapa denborarik onena eginda.
Matthew Brennanek ez du huts egin Sevillan, eta bosgarren aldiz gailendu da Espainiako Vueltan
Aurreikusita zegoenez, lasterketaren 81. ekitaldiko hamazortzigarren etapa esprintean erabaki da, eta Brennan, beste behin, onena izan da. Espainiako Vueltak, orain, osteguneko erlojupekoa du jomugan; izan ere, azken sailkapen nagusirako oso garrantzitsua izan liteke.
Matthew Brennanek Espainiako Vueltako azkarrena izaten jarraitzen du, eta lau garaipen daramatza esprintean
Visma Lease a Bike taldeko txirrindulari britainiarrak, asteartean, lasterketako 81. ekitaldiko hamaseigarren etapa irabazi du, Palos de la Fronteran. Sailkapen nagusian, ez dago aldaketarik, eta Enric Masek lehen postuari eutsi dio; 2:06ko aldea du Gallekiko, eta 2:10 Roglicekiko.
Van Aert bigarrenez nagusitu da, bero handiko etapan, eta Enric Masek lidergoari eutsi dio Kordoban
Wout van Aertek irabazi du Vueltako 15. etapa, Kordoban erabaki den esprint murriztuan nagusituta. Txirrindulari belgikarrak bigarren garaipena lortu du aurtengo edizioan, eta Enric Masek liderraren maillot gorria mantendu du, muturreko beroak eraginda ibilbidea murriztu behar izan duten jardunaldian.
Brenner nagusitu da La Panderan, eta Masek lehen postua sendotu du
Marco Brennerrek irabazi du Vueltako 14. etapa, ihesaldi luze baten ondoren, La Pandera mendatean jarritako helmugan esprintean nagusituta. Enric Masek, bere aldetik, aurrerapauso handia eman du sailkapen nagusian, Primoz Roglicekiko aldea handituta.
Wout van Aert nagusi Lojan, eta Enric Masek elastiko gorriari eutsi dio
Van Aertek laugarren garaipena lortu du Vueltan, Valentin Paret-Peintre Soudal taldeko frantziarra esprintean gaindituta. Enric Masek, berriz, sailkapen nagusiko lidergoari eutsi dio.
Jakob Omrzelek irabazi du Calar Alton, Urko Berrade bigarren dela, eta Enric Masek lidergoa sendotu du Espainiako Vueltan
Bahrain-Victorious taldeko txirrindulari gazteak irabazi du Espainiako Vueltako 81. etapa nagusia, eta Masek 27 segundo gehiago atera dizkie Primoz Roglic eta Felix Galli. Urko Berrade eta Pello Bilbao eguneko ihesaldian izan dira.
Matthew Brennan azkarrena izan da berriro esprintean, Lorcan, eta hiru garaipen lortu ditu Espainiako Vueltan
Vismako txirrinduari britainiarrak irabazi du lasterketako 81. ekitaldiko hamaikagarren etapa; Movistarreko Enric Masek lider jarraitzen du.
Bastien Tronchonek irabazi du, esprintean, Espainiako Vueltako hamargarren etapa, eta Enric Masek lider jarraitzen du
Xabier Mikel Azparrenek oso gertu izan du garaipena, baina tropelak azken metroetan aurreratu du; donostiarra seigarren postuan helmugaratu da. Sailkapen nagusian, ez da aldaketarik izan.