ESPAINIAKO VUELTA - 21. ETAPA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Enric Masek irabazi du Espainiako Vuelta, eta Tobias Halland Johannessen gailendu da azkeneko etapan

Primoz Roglic eta Felix Gall izan dira, hurrenez hurren, Enric Masen ondoan Vueltako podiumean. Bestalde, Tobias Halland Johannessen norvegiarrak esprintean menderatu ditu Alessandro Romele eta Ramses Debruyne Granadako helmugan.

GRANADA, 13/09/2026.- El ciclista Enric Mas, del Movistar, vencedor de La Vuelta, en el podio tras la 21 y última etapa de la Vuelta ciclista España con salida y meta en Granada, este domingo. EFE/ Javier Lizón
Primoz Roglic, Enric Mas eta Felix Gall. Argazkia: EFE

Enric Mas Movistar taldeko txirrindulari espainiarrak irabazi du 2026ko Espainiako Vuelta, Primoz Roglic esloveniarraren eta Felix Gall austriarraren aurretik, hurrenez hurren. 

Bestalde, Tobias Halland Johannessen norvegiarra gailendu da Granadan jokatu den azkeneko etapan, esprintean Alessandro Romele italiarra eta Ramses Debruyne belgikarra menderatuta.

Vueltako 21. etapa Granadan lehiatu da (112 km), baina, azken etapa izanik, tropelak lasaitasunez hartu du eguna. Gaurkoan, ez da erasorik izan, eta hasierako kilometroak Enric Mas txapelduna eta Movistar omentzeko baliatu dute txirrindulariek, ohiko argazkiak eginda.

Edonola ere, etaparen bukaera ez da ohikoa izan. Txirrindulariek lau buelta eman behar izan dizkiote Alhambra inguruan antolatutako zirkuituari, eta aldapa gogorrak igo behar izan dituzte. Ildo horretan, eta txirrindularien segurtasuna bermatze aldera, behin betiko denborak helmugarako 10 kilometroren faltan hartzea erabaki dute antolatzaileek, taldeekin adostuta.

Aipatu zirkuituan sartu denean areagotu du erritmoa tropelak, eta helmugarako 26 kilometro falta zirenean hasi dira lehendabiziko erasoak. Horrela, dozena bat txirrindulariz osatutako taldea jarri da lasterketa-buruan, tartean izan dira Wout Van Aert (Visma), Matthew Brennan (Visma), Santiago Buitrago (Bahrain-Victorious) edota Pello Bilbao (Bahrain-Victorious).

Azken kilometroetara minutu bat eta 30 segundo inguruko aldearekin iritsi dira, eta ordurako argi zegoen garailea aurreko talde horretako txirrindulariren bat izango zela.

Pello Bilbaok bere azken garaipen handia bilatu du, denboraldi bukaeran erretiroa hartuko baitu. Helmugarako bederatzi kilometro falta zirenean erasoa jo du, baina laster harrapatu dute. 

Hala ere, onenekin batera jarraitu du, Debruynek azken kilometroan sartzerakoan eraso erabakigarria jo duen arte. Johannessenek eta Romelek soilik izan dute ahalmena haren gurpilari jarraitzeko, eta helmugan txirrindulari norvegiarra izan da azkarrena.

Enric Masek azken kilometroak patxadaz egin ahal izan ditu, hainbeste urtetan bilatu duen garaipena ziurtatuta baitzuen ordurako. Bere taldekideak alboan zituela, irribarretsu eta jendea agurtuz sartu da helmugan. 

Tadej Pogacar (UAE) faborito nagusia eroriko batean min hartuta erretiratu ostean, txirrindulari espainiarra izan da onena, eta ondo merezita bereganatu du Vuelta.

Bestalde, Santiago Buitragok eraman du mendiko saria; Oscar Onley izan da gazterik onena; eta Wout Van Aertek jantzi du puntutako elastikoa. Vueltako talderik onena, berriz, Decathlon izan da. 

Vuelta a España
Ez dago emaitzarik erakusteko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X