FIBA Europa Kopako finaleko joanekoa, Bilbao Basket-PAOK Salonika, zuzenean, eitb.eus-en eta ETB1en
Surne Bilbao Basketek FIBA Europa Kopako titulua hurbildu nahi du gaur arratsaldean, Greziako PAOK Salonikaren aurkako joaneko partidan, Miribillan, 20:00etatik aurrera. Neurketa zuzenean izango da ikusgai, eitb.eus-en eta ETB1en.
"Txapelketa irabazi nahi dugu, eta historia egin", esan zuen astelehenean Ruben Dominguez Bilbao Basketen hegaleko jokalariak, finalaren aurreko adierazpenetan. Halaber, hitzorduari "80 minutuko partida bakar gisa" aurre egingo diotela azaldu zuen, "ez 40 minutuko bi norgehiagoka gisa". "Ea zer egin dezakegun etxean, eta Grezian, aurpegia ematen saiatuko gara", gaineratu zuen.
Era berean, Tomasz Gielok nabarmendu zuen taldeak "pauso erabakigarria" eman nahia duela, "jokalarientzat, klubarentzat eta hiriarentzat oso garrantzitsua" den txapelketa irabazteko asmoz.
Greziako taldea, bestetik, bertako ligako final-laurdenetako kanporaketako bigarren partida irabazi berri dator Bilbora. Hortaz, Massimo Cancellieriren gizonek lehia horretan nagusi izateko aukerari onik eustea lortu dute.