Dubaik Buesa Arenako gotorlekua eraitsi du atsedenaldiaren ostean (79-93)
Bisitariak nagusi izan dira zonan. Xavi Pascualen taldeak buelta eman dio neurketa hasiera txarrari, eta lehen garaipena lortu du Euroligan bisitari gisa, bigarren zatian serio eta fisikoki gogor lan eginda.
Dubairen jaurtiketa bat, Buesa Arenan jokatutako partidan. Argazkia: EFE
Dubaik sendo jokatu du atsedenaldiaren ostean, eta garaipena lortu du Buesa Arenan, Kosner Baskoniaren aurka (79-93), Euroligako bosgarren jardunaldian. Arabiar taldea oso nagusi izan da uztai azpian.
Xavi Pascualen taldeak partida hasiera kaskarrari buelta eman dio. Bigarren zatian serio eta fisikoki gogor lan egin eta bisitari gisa lehen garaipena erdietsi du Euroligan. Elie Okobok eta Dwayne Baconek eutsi diote Gasteizko taldearen susperraldiari, eta taldeak neurketa eroso bukatzea erraztu dute.
Gainera, Mfiondu Kabengele eta Flip Petrusev nagusi izan dira zonan; etxekoen artean, aldiz, Tadas Sedekerskisek norgehiagoka bikain hasi du uztai azpian.
Lehen laurdena
Etxekoak partida hasieran ederto ibili dira, eta aurkariak baino intentsitate handiagoz jardun dute. Partziala 14-2koa izan da, eta Tadas Sedekerskis nabarmendu da 9 punturekin; ez du hutsik egin, gainera.
Davion Mertzek bi hiruko sartu ditu jarraian, eta horrek Dubairen erritmoa aldatzea eragin du. Bisitariek defentsako lana nabarmen hobetu dute.
Mfiondu Kabengele bere legea ezartzen hasi da taulapean eta Xavi Pascualen taldea saskiratzen hasi da, markagailuari buelta emateko. Flip Petrusevek, azken hatsean, hirukoa sartu du (23-25).
Bigarren laurdena
Bigarren laurdenean indarrak orekatu dira. Dubairi oso azkar etorri zaio bonusa, eta Baskonia ondo ibili da jaurtiketa libreen marran.
Damion Baughen hirugarren faltak joko-antolatzailearen errotazioa baldintzatu du, baina Chris Duartek hirukoa sartu eta arnasa eman dio Baskoniari. Etxeko taldeak aurkaria estu jarri nahi zuen zonan, eta bisitariek ez dute saskiratzeko biderik aurkitu.
Abiadura izan da Dubairen lagunik onena, Paolo Galbiatiren taldea Xavi Pascualen defentsa aldaketen aurrean trabatu da eta markagailuan aurretik joan da atsedenaldira, 43-44.
Hirugarren laurdena
Baskoniak ezinean jarraitu du, eta erasoan oso kamuts aritu da. Horrek bisitariek errenta txiki bat hartzea eragin du bigarren zatiaren hasieran.
Abantaila hori hamar puntukoa ere izan da, baina Chris Duarte agertu da eta Baskoniaren erreakzioa gidatu du. Baconek eta Okobok, ordea, etxekoen susperraldia geldiarazi egin dute, eta Dubai aurretik mantendu dute (62-70).
Azken laurdena
Thomas Walkupek Xavi Pascualen taldearen erritmoari bultzada eman dio, eta 0-8ko partziala lortu du azken zatian. Horrela, partida bukaera bideratu dute bisitariek.
Kosner Baskoniak ez ditu jaurtiketa libre guztiak aprobetxatu, eta lehen saskiratzea amaierarako bost minutu geratzen zirenean iritsi da. Ondorioz, Dubaik kontrolpean izan du neurketa, eta eroso ibili da azken txanpan.
Zure interesekoa izan daiteke
Kosner Baskoniak garaipena lortu du Barris Norden azken txanpan (93-98)