Kosner Baskoniak porrota jaso du Hapoelen aurka, ia hutsik egon den Buesa Arenan (82-85)
Etxekoek azken laurdenean izan duten beste txakalaldi bat aprobetxatu du talde israeldarrak. Arabako taldeak garaipen bakarra eta hamaika porrot ditu Euroligan, eta sailkapeneko azken postuan da.
Kosner Baskoniak berriro galdu du Euroligan Hapoel Tel Aviv talde israeldarraren aurka, Buesa Arenan jokatutako partida arraroan (82-85). Baskoniako bazkideak bakarrik sar zitezkeen pabiloian, sarreran identifikatuta, eta ez dute batere sarrerarik saldu. Gainera, Indar Baskoniak partidari boikota egiteko deia egin du, eta, jakina, ez da kolektibo gisa harmailetan agertu.
Pabiloiko segurtasun langileek hainbat bandera palestinar kendu dituzte partidan zehar, eta beste batzuk kentzen saiatu dira, bain zale arabarrek eragotzi egin dute. Kirol arloari dagokionez, Israelgo taldeak gasteiztarren azken laurdeneko beste txakalaldi bati etekina atera dio.
Berdintasuna nagusi izan da hasieratik, bisitariak talde gisa sendo azaldu baitira, eta aldetik Kenan Kamenjasek erantzukizuna hartu duelako uztai azpian. Tai Odiasek erantzun dio pare bat aldiz, baina Baskoniak tartea zabaldu du markagailuab D.J. Stewart eta A.J. Lawson jaurtiketan fin aritu direlako, eta bereziki Chris Duartek perimetrotik min handia egin duelako.
Duartek hiruko batekin 28-20koa jarri du lehen laurdena amaitzeko 1:22ren faltan, eta Tomas Satoranskyk erantzun dio modu berean. Baina bigarren zatiaren hasieran kolpeen truke hori desagertu egin da, etxeko taldeak punteria handiagoa izan eta 10 puntuko aldea lortu baitu, Kobi Simmonsen eta Duarteren hirukoei esker.
Baina apurka-apurka, eta Antonio Blakeneyren hiruko batekin, Dimitris Itoudisen jokalariek desabantaila murriztu dute atsedenaldira markagailu estuarekin joan arte (48-44).
Aldageletatik igaro ostean, markagailuak gorabeherak izan ditu (54-44, 58-57), Baskoniak hiru baloi galdu dituelako jarraian, eta horrek ihes egitea eragotzi du. Baina Israelgo taldea fin ez zebilenez, Rolands Smitsek 'impasse' txiki bat aprobetxatu du, eta zortzi puntu saskiratu ditu hiru minutu baino gutxiagoan hirugarren laurdena 71-64 aurretik bukatzeko.
Gorabehera horretan, Odiaseren bi jaurtiketa libreek eta Zach LeDay eta Blakeneyren jokaldi pare batek dena estutu dute berriro. Gainera, Odiasek aurretik jarri du Hapoel. Baskoniako entrenatzaileak, Velimir Perasovicek, Clement Frisch kantxaratu du, gehiegi dosifikatu ondoren, eta, haren ordez, Kobi Simmons kendu du. Simmonsek bere bosgarren falta egin du partida amaitzeko oraindik 2:09 minutu falta zirenean.
Bryantek etxekoen eraginkortasun falta zigortu du 81-85ekoa markagailuan jarriz, eta Duartek bere erantzunean etekin eskasa atera du: falta bat uztairako bidean eta gainera huts egin du bigarren jaurtiketa librea. Hapoelen ondorengo erasoan, Bryantek falta egin dio Kamenjasi erasoan, eta horregatik gasteiztarrek azken jabetza izan dute hirukoa sartu eta luzapena behartzeko.
Nahiz eta Duarte saiatu den lehenik eta erreboteak beste jaurtiketa bat egiteko aukera eman duen, Baughek ez du asmatu eta Satoranskyk errebotea itxi du Hapoeli garaipena emateko. Arabako taldeak garaipen bakarra eta 11 porrot bildu ditu Euroligan, eta sailkapeneko azken postuan da.
Zure interesekoa izan daiteke
Kosner Baskoniak ezin izan du liderrarekin; Real Madrilek galdu gabe jarraitzen du (84-98)
Kenneth Faried pibota Kosner Baskoniako lesionatuen zerrendan sartu da
Ez da sarrerarik salduko Baskonia eta Hapoel Tel Aviven arteko partidarako
Azken laurdenean hondoratu, eta Partizanen aurka galdu du Baskoniak
Kosner Baskoniak Kenan Kamenjas bosniarra ekarri du barneko jokoa indartzeko
Rolands Smitsek Kosner Baskoniaren barneko jokoa sendotuko du 2026-2027 denboraldiko amaierara arte
Perasovicek espero du laster “pibot on bat" ekartzea
Kosner Baskoniak garaipena lortu du Barris Norden azken txanpan (93-98)