Kosner Baskoniak Zacharie Perrin pibot frantziarra fitxatu du 2030era arte
Felix Fernandez Kosner Baskoniaren kirol zuzendariak adierazi duenez, Perrinek urtarrilean iLerna Lleida taldetik ateratzeko aukera zuen, diru kopuru jakin baten truke, baina fitxaketa aurreratu egin da. Hala ere, Arabako taldeak 500.000 euro ordainduko dituela dioten zurrumurruak gezurtatu ditu.
Zacharie Perrin, iLerna Lleidaren taldearekin. Argazkia: EFE.
Kosner Baskoniak, gaur, astelehena baieztatu du 22 urteko Zacharie Perrin frantziarra fitxatu duela, 2030era arte. Orain arte iLerna taldean ibili da.
Kataluniako taldearekin eta jokalariarekin behin betiko akordioa ixtea falta den arren, Felix Fernandez Kosner Baskoniaren kirol zuzendariak aurreratu du frantziarra Velimir Perasovicen esanetara jarriko dela laster, "xehetasun batzuk" zehaztu ostean.
Fernandezek adierazi duenez, Zach Perrinek urtarrilean Lleidatik ateratzeko aukera zuen, baina fitxaketa aurreratu egin da. Hala ere, Arabako taldeak 500.000 euro ordainduko dituela dioten zurrumurruak gezurtatu ditu. "Kopuru hori errealitatetik oso urrun dago", adierazi du kirol zuzendariak.
Perrin Antibes taldearen harrobian hazitako jokalaria da. 2022-23 denboraldian, Illinoisko Unibertsitatearekin denboraldi bat jokatu zuen, eta 2023-24 denboraldian Frantziara itzuli zen, berriro Antibesen eta SLUC Nancy taldean aritzeko.
Aurreko denboraldian, Perrinek Eurokopa jokatu zuen Hamburg Towersen. Bertan, 13,1 puntu, 8,1 errebote eta 16,5 puntuko balorazioa lortu zituen, batez beste. Frantziarrak Endesa Ligara jauzi egin zuen denboraldi hasieran, iLerna Lleidarekin.
Ibilbide luzeko fitxaketa da, "eremu barruko jokorako talentua eta presentzia fisikoa" dituena.