Joventutek gogor jardun du baina Kosner Baskoniak eutsi egin dio, eta aurreneko kolpea eman du (85-71)
Galbiatiren gizonek 21-5eko partziala lortu dute oso fisikoa izan den neurketaren azken txanpan. Eugene Omoruyiren eta Matteo Spagnoloren ekarpena berebizikoa izan da Joventuten defentsari aurre egiteko.
Tim Luwawu-Cabarrot, saskiratzeko ahaleginean. Argazkia: EFE
Kosner Baskoniak gogor jardun duen Asisa Joventuti eutsi egin dio gaur, eta Endesa Ligako final-laurdenetako lehen neurketa 85-71 irabazi du, norgehiagokaren azken txanpan 21-5eko partziala lortuta.
Garaipen korala izan den arren, Eugene Omoruyiren eta Matteo Spagnoloren ekarpena berebizikoa izan da Penyaren defentsari aurre egiteko.
Norgehiagoka erritmo biziarekin hasi da, baina bi taldeek gutxi asmatu dute. Cameron Hunt kataluniako taldekoen artean onena izan da, eta Mamadi Diakitek eta Matteo Spagnolok etxeko taldea gidatu dute.
Paretsu ibili dira, hala eta guztiz ere. Lehen laurdena estua eta lehia gogorra izan da, eta defentsak erasoari gailendu zaio. Laurdena 18nako berdinketarekin bukatu da.
Gasteizko taldekoek jarraian sartutako hiru hirukok zabaldu dute partidako lehen zuloa, bigarren laurdenaren hasieran. Hala ere, etxekoen defentsak enbarazu egiten zuen, eta Ricky Rubiok taldea suspertzen jardun du.
Defentsako presioak bi aldeetan jarraitu du, eta tenperaturak gora egin du harmailetan, epaileek Gasteizko jarraitzaileek gustuko izan ez dituzten erabaki batzuk hartu baitituzte.
Simon Birganderren saskiratze batek lehia estutu du berriro bigarren zatiari begira, 38-37, Matteo Spagnolo italiarrak distira egin duen bigarren laurdenean.
Dani Miretek planteatutako 1-3-1 defentsak Baskonia zepoan harrapatu du, eta Joventut aurretik jarri da markagailuan. Hala ere, Ricky Rubioren hirugarren faltak eta Penyaren bonusak oso fisikoa izan den partidan ekimena berreskuratzeko aukera gehiago eman dizkiote Galbiatiren taldeari.
Eugene Omoruyi martxan jarri da bere taldea hauspotzeko eta neurketaren gogortasunari aurre egiteko. Izan ere, Joventut aurretik kantxaratu da azken laurdenean, 59-60, Ludde Hakansonek Rickyren lekukoa hartu eta bi hiruko jarraian sartu ondoren.
Amaieran Tim Luwawu-Cabarrot agertu da, partida osoan zehar oso zainduta egon ostean, aurkariak baino energia gehiago izan duen Baskoniari arnasa emateko.
Gasteizko taldeak abiadura handiagoa eman dio norgehiagokari zuloa irekitzeko, eta Eugene Omoruyiren mate ikusgarri batek bultzada eman die baskoniarrei. Azkenean, 21-5eko partziala lortu dute final-laurdenetako lehen partidan gailentzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Kobi Simmonsek “prest" ikusten du Kosner Baskonia Euroligako lehen partidarako
Baskoniak porrot egin du Joventuten aurka, eta Superkopako finalik gabe geratu da (96-84)
Galbiati: “Ez gaude egoera fisiko edo taktikorik onenean, baina dena gerta daiteke"
Kosner Baskoniak Kenneth Faried aurkeztu du: “Aukera bikaina da”
Alex Len pibot ukrainarra, Baskoniako jokalari berria
A.J. Lawson hegalekoa aurkeztu du Baskoniak
Khalifa Diopek Kosner Baskonia utzi du, eta Cleveland Cavaliers taldean arituko da
Kenneth Fariedek Baskoniaren barneko jokoa indartuko du