TKEko Diziplinako epaile bakarrak diziplinazko prozedura ireki die Euskotren Ligako sei klubi, Fabrika Bandera uzteagatik
Astillero, Arraun Lagunak, Hibaika, Orio, Tolosaldea eta Zumaia dira sei klub horiek. Fabrika Bandera uztailaren 25ean jokatzekoa zen, baina bertan behera utzi zuten.
Orio epaileak aipatutako klubetako bat da. Argazkia: Aitor Arrizabalaga / TKE.
Traineruen Kluben Elkarteko (TKE) Diziplinako epaile bakarrak prozedura ireki die Euskotren Ligako sei klubi, uztailaren 25ean Donostian jokatzekoa zen Fabrika Bandera uzteagatik. Hain zuzen ere, epaileak astelehenean argitaratutako erabakiaren arabera, Astillero, Arraun Lagunak, Hibaika, Orio, Tolosaldea eta Zumaia dira sei klub horiek. Fabrika Bandera bertan behera uztea eragin zuten.
Testuinguru horretan, epaile bakarraren erabakiak adierazten duenez, uztailaren 25ean, “kluben entrenatzaileek, ordezkarien bilera egiten ari zirela, elkar hartuta, estropada jokatzeari uztea adostu zuten. Gerora, sei parte-hartzailek, denek San Juanek eta Donostiarrak izan ezik, gunetik alde egin zuten, traineruekin, hasiera batean estropada jokatzeko zehaztuta zegoen orduaren aurretik. Hasiera ordua iritsita, atzeratzea adostu zuten. Gerora, behin betiko bertan behera utzi zen estropada”.
Epaileak esandakoaren arabera, “Batzorde Teknikoaren txostenean ageri diren gertaerak arau-hauste oso larria izan litezke, alegia, elkartearen txapelketetako egutegian dauden estropadetan eta jardueretan parte hartzeari uko egitea, ofizialak izan ala ez, eta, halaber, arau-hauste larria da TKEren irudirako zein interesetarako kaltegarriak diren edota TKErako, TKEren zuzendaritza organoetarako zein elkartearekin lotutako pertsonekiko begirunerik eza edo iraina dakarten jarduerak egiteagatik edo adierazpen publikoak egiteagatik”.
Klubek (Astillerok, Arraun Lagunakek, Hibaikak, Oriok, Tolosaldeak eta Zumaiak) bost egun dituzte alegazioak aurkeztu eta frogak emateko, dio testuak.