Baskoniak azken segundoan galdu du Panathinaikosen aurka, Gasteizen (84-86)
Baskoniak azken segundoan galdu du (84-86) Panathinaikosen aurka, 2025-2026 denboraldiko Euroligako fase erregularreko hirugarren jardunaldian, ostegun gauean, Buesa Arenan. Euskal taldeak partidako azken segundoan jaso du norgehiagokan erabakigarria izan den saskiratzea, azken minutuetan markagailua bikain irauli ostean. Horrenbestez, oraindik ez du garaipenik eskuratu Europa mailako txapelketarik handienean.
Neurketako aurreneko 20 minutuetan, Panathinaikosek kontrolpean izan du markagailua, baita jokoaren erritmoa ere. Greziako taldeak 13 puntuko abantaila ere izan du bere alde: 19-32. Baskonia, baina, suspertu egin da bigarren laurdenean, eta, 15-5eko partziala lortuta, 3 puntura jarri da (34-37). Lehen zatiaren amaieran, Panathinaikos 6 puntuz ari zen gailentzen, 36-42. Partidaren une horretan, Timothe Luwawu-Cabarrotek zeramatzan punturik gehien, Baskonian, 9, eta Tren Forrestek 7 zituen sartuta.
Bigarren zatian heldu dira emozioa, bi taldeentzako aukerak eta minutu ikusgarriak. Amaiera ez da ona izan Baskoniarentzat, baina nola gertatu den ikusita, zaleek baikor egoteko arrazoirik badute. Hirugarren laurdenean, Panathinaikos gehiago izan da; Greziako taldeak 17 puntuko aldea lortu du (54-71). Paolo Galbiatiren taldeak, baina, ez du amore eman, eta amaierara arte izan da lehian. Bi minutu bikain jokatuta, partida amaitzeko 2 minutu eta 8 segundo falta zirenean Baskonia 9 puntu atzetik izan arren, etxeko taldeak markagailua parekatu du, 84-84. Neurketako azken jokaldian, baina, Kendrick Nunnek, saskiratze ederra sartuta, garaipena eman dio bere taldeari. Modu ankerrean ihes egin dio Baskoniari partidak, azken segundoan.
Fitxa teknikoa
84 - Baskonia (14+22+20+28): Forrest (15), Howard (-), Diallo (15), Sedekerskis (10) eta Diakite (6); Nowell (11), Luwawu-Cabarrot (16), Kurucs (7), Spagnolo (1), Diop (3) eta Samanic (-).
86 - Panathinaikos (20+22+29+15): Grant (2), Nunn (30), Osman (20), Hernangomez (15) eta Yurtseven (-); Sloukas (2), Shorts (5), Grigonis (-), Mitoglu (6), Rogkavopoulos (2), Samodurov (-) eta Holmes (4).
Epaileak: Damir Javor (Eslovenia), Luka Kardum (Kroazia), Huseyin Celik (Turkia).
Nabarmentzekoa: 8.662 zale izan dira Buesa Arenan.
Zure interesekoa izan daiteke
Kenneth Faried pibota Kosner Baskoniako lesionatuen zerrendan sartu da
Ez da sarrerarik salduko Baskonia eta Hapoel Tel Aviven arteko partidarako
Azken laurdenean hondoratu, eta Partizanen aurka galdu du Baskoniak
Kosner Baskoniak Kenan Kamenjas bosniarra ekarri du barneko jokoa indartzeko
Rolands Smitsek Kosner Baskoniaren barneko jokoa sendotuko du 2026-2027 denboraldiko amaierara arte
Perasovicek espero du laster “pibot on bat" ekartzea
Kosner Baskoniak garaipena lortu du Barris Norden azken txanpan (93-98)