Baskoniak azken hatsean menderatu du Zalgiris (66-65)
Asko sufrituta izan bazen ere, Baskoniak Zalgiris Kaunas (66-65) menderatu zuen atzo Fernando Buesa Arenan, eta, horrenbestez, Euroligako lehen hamarren artean sartzeko eta play-offak jokatzeko aukerak izaten jarraitzen du.
Fase Erregularra bukatzeko sei partida baino ez dira gelditzen, eta Zalgiris Baskoniaren aurkari zuzena da hurrengo fasera pasatzeko lehian. Neurketa ez zen ona izan, baina bai oso estua, batez ere bi taldeek espero baino akats gehiago egin zituztelako, eta azken segundoetan erabaki zen.
Pablo Lasoren mutilak abantaila politarekin (38-30) joan ziren atsedenaldira. Lituaniako taldeak ez zuen maila ona eman lehen zatian, baina Baskoniak ez zituen ondo baliatu aurkariak egindako akatsak eta galdutako baloiak.
Bigarren zatian, gidoia errepikatu egin zen, eta etxekoak ez ziren fin ibili erasoan. Azken laurdenean, Howard gehiago sartu zen jokoan, eta hiru hiruko sartuta, garaipena Baskoniak eskuratuko zuela ematen zuen.
Hala ere, Zalgirisek emaitza irauli zuen, Brazdeikis eta Smailagicen eskutik, eta Gasteizko taldea kinka larrian ipini zuen. Partidaren amaiera hil ala bizikoa izan zen. Azkenean, Baskonia gailendu zen, Trents Forrestek eta Timothe Luwawu-Cabarrotek azken segundoetan egindako saskiratzeei esker.
FITXA TEKNIKOA
66- Baskonia: Forrest (6), Luwawu-Cabarrot (7), Sedekerskis (3), Moneke (13) eta Diop (2) -hasierako bostekoa-; Rogkavopoulos (3), Howard (13), Jaramaz (-), Hall (11) eta Samanic (8).
65-Zalgiris Kaunas: Francisco (8), Butkevicius (2), Brazdeikis (17), Smailagic (11) eta Birutis (8) -hasierako bostekoa-; Dunston (5), Giedraitis (4), Mitchell (-), Sirvydis (1), Wong (4) eta Ulanovas (5).
Partzialak: 18-12, 20-18, 10-13, 18-22.
Epaileak: Tomislav Hordov (Kroazia), Borys Ryzhyk (Ukraina) eta Gentian Cici (Albania). Ez zuten inor egotzi.
Zure interesekoa izan daiteke
Kenneth Faried pibota Kosner Baskoniako lesionatuen zerrendan sartu da
Ez da sarrerarik salduko Baskonia eta Hapoel Tel Aviven arteko partidarako
Azken laurdenean hondoratu, eta Partizanen aurka galdu du Baskoniak
Kosner Baskoniak Kenan Kamenjas bosniarra ekarri du barneko jokoa indartzeko
Rolands Smitsek Kosner Baskoniaren barneko jokoa sendotuko du 2026-2027 denboraldiko amaierara arte
Perasovicek espero du laster “pibot on bat" ekartzea
Kosner Baskoniak garaipena lortu du Barris Norden azken txanpan (93-98)