Baskoniak galdu egin du Euroligako play-offeko lehen partida, Real Madrilen aurka (90-74)
Baskoniak galdu egin du, 90-74, Real Madrilen aurka, astearte gauean, Madrilgo WiZink Centerren, 2023-24 denboraldiko Euroligako play-offeko lehenengo partidan. Hala, Real Madrilek play-offeko aurreneko puntua eskuratu du, eta talde zuria 1-0 ari da gailentzen; orain, Baskoniak eta Madrilgo taldeak osteguna dute jomugan, orduan jokatuko baitute play-off honetako bigarren neurketa.
Dusko Ivanovicen gizonek, testuinguru honetan, ezin izan diote nahi bezala ekin Real Madrilekin duten lehiari, Berlingo Lauko Finalean izatea helburu; baina play-offak hastea besterik ez du egin, eta ziurrenik Baskoniako entrenatzaileak eta jokalariek ikasi egin dute zer egin ahal duten bigarren norgehiagokan hobeto eta gogorrago jokatzeko. Gasteizko taldeak WiZinken irabaziko balu, Baskoniak bereganatuko luke zelai abantaila, seriea Gasteizera iritsi aurretik.
Lehenengo partidan, Real Madril ia-ia hasieratik jarri da goitik markagailuan, eta argi irabazi du. Baskoniak atsedenaldira arte izan ditu aukerak. Aurreneko laurdena 26-17 bukatu da, nahiz eta etxekoek 14 puntuko aldea ere izan duten, 25-11koan, eta lehenengo zatiaren amaiera emaitza 48-37koa zen. Hirugarren laurdena izan da giltzarria, orduan Real Madrilek 70-53ko markagailua kokatzea lortu baitu. Azken hamar minutuetan, ez da aldaketarik izan: Baskoniak ez du amore eman, baina ezin izan du aurkaria estutu, ezta ere.
Markus Howarrdek 15 puntu sartu ditu, belaunean kolpea jaso arren, eta Baskoniako saskiratzailerik onena izan da, beste behin; Costellok, Miller-McIntyrek eta Rogavopoulosek 14na puntu egin dituzte.
Ostegunean, hitzordua, berriro ere, 21:00etan da, WiZink Center bertan.
Fitxa teknikoa
90 - Real Madril (26+22+22+20): Campazzo (10), Musa (16), Hezonja (9), Yabusele (7), Tavares (8), -hasierako bostekoa-, Poirier (10), Deck (4) Llull (8), Causeur (-), Sergio Rodríguez (5), Rudy Fernandez (6), Abalde (7).
74 - Baskonia (17+20+16+21): Miller-Mcintyre (14), Kotsar (2), Sedekerskis (3), Marinkovic (9), Rogkavopoulos (14) - hasierako bostekoa -, Diez (-), Howard (15), Costello (14), Chiozza (3), Raieste (-).
Epaileak: Emin Mogulkoc (Turkia), Olegs Latisevs (Letonia) eta Ioannis Foufis (Grezia). Ez dute inor kanporatu.
Gertakizunak: Euroligako play-offeko lehenengo partida, WiZink Centerren. 9.632 zale izan dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Kobi Simmonsek “prest" ikusten du Kosner Baskonia Euroligako lehen partidarako
Baskoniak porrot egin du Joventuten aurka, eta Superkopako finalik gabe geratu da (96-84)
Galbiati: “Ez gaude egoera fisiko edo taktikorik onenean, baina dena gerta daiteke"
Kosner Baskoniak Kenneth Faried aurkeztu du: “Aukera bikaina da”
Alex Len pibot ukrainarra, Baskoniako jokalari berria
A.J. Lawson hegalekoa aurkeztu du Baskoniak
Khalifa Diopek Kosner Baskonia utzi du, eta Cleveland Cavaliers taldean arituko da
Kenneth Fariedek Baskoniaren barneko jokoa indartuko du