Inversus Gernika garaile atera da; Mirai Euskotren eta Kutxabank Araski, berriz, galtzaile
Bizkaiko taldeak 101-67 menderatu du Movistar Estudiantes, Mirai Euskotrenek 85-91 galdu du Baxi Ferrolen aurka eta Kutxabank Araskik ezin izan du Azulmarino Palma gainditu (69-91).
Inversus Gernikak garaipena lortu du berriro. Argazkia: Espainiako Saskibaloi Federazioa
Emakumezkoen Endesa Ligako seigarren jardunaldiak garaipen bat eta bi porrot utzi ditu euskal taldeentzat. Bi partida galdu ostean, Inversus Gernikak garaipena lortu du berriro larunbatean, eta Mirai Euskotrenek eta Kutxabank Araskik galdu egin dute.
Hiru euskal taldeek etxean jokatu dituzte partidak, baina Inversus Gernika izan da garaile atera den bakarra, Movistar Estudiantes Malosten menderatuta (101-67). Bizkaiko taldea jaun eta jabe izan da, eta nagusitasunez gailendu da. Emaitza hori ere kontuan izanda, hiru garaipen lortu ditu sei jardunalditan, eta sailkapenaren erdialdean kokatu da.
Bestalde, Mirai Euskotrenek galdu egin du Baxi Ferrolen aurka Gascan (85-91) eta ezin izan dio bere bolada onari eutsi. Galiziako taldeak etxetik kanpo lehen garaipena lortu du, eta Donostiakoak denboraldiko bigarren porrota jasan du. Hala ere, Azu Muguruzaren taldeak balantze positiboari eutsi dio, lau garaipen lortu baititu jada, eta, hori dela eta, sailkapeneko goiko aldean jarraitzen du.
Kutxabank Araskik ere ez du irabazi, 69-91 galdu baitu Mendizorrotzan, Azulmarino Palmaren aurka. Gasteizko taldeak ez du oraindik garaipenik lortu, sei jardunalditan sei porrot jaso baititu; ondorioz, jaitsiera postuetan jarraitzen du.