Porrotak Inversus Gernika eta Kutxabank Araskirentzat eta bigarren garaipena jarraian Mirai Euskotrenentzat Endesa Ligan
Talde bizkaitarrak porrota jaso zuen asteazkenean Casademont Zaragoza talde indartsuaren aurka Malosten (72-108). Arabako taldeak ere galdu egin du ostegun honetan Movistar Estudiantesen kontra (45-76) Mendizorrotzan. Aitzitik, talde gipuzkoarrak 75-65 irabazi dio Celtari Gascan.
Mirai Euskotren eta Celta taldeen arteko partidaren une bat, Gascan. Argazkia: FEB
Emakumezkoen Endesa Ligako bigarren jardunaldiak bi porrot eta garaipen bat utzi ditu euskal taldeentzat: Inversus Gernika 72-Casademont Zaragoza 108, Kutxabank Araski 45-Movistar Estudiantes 76 eta Mirai Euskotren 75-Celta 65.
Lehenengoa jokatzen Inversus Gernika izan zen, asteazkenean etxean, denboraldiko lehen porrota jasoz. Franky Garciak entrenatutako taldeak Casademont Zaragoza sendoaren aurka galdu zuen bart Malosten. Aragoiko taldeak 72-108 irabazi zion bizkaitarrari maila handiko erasoko erakustaldi batean. Zaragozak bigarren laurdenean hautsi zuen neurketa, Sheppardek (31 puntu) eta Mariona Ortizek (10 asistentzia) bultzatuta.
Kutxabank Araskik eta Mirai Euskotrenek ostegun honetan jokatu dituzte euren partidak, 07:00etan. Arabarrek etxean berriro galdu dute Estudiantesen aurka. Lehen laurdena markagailua aurretik amaitu dute arabarrek Mendizorrotzan (17-15), baina norgehiagoka bigarren laurdenean erabat okertu zaie10-30eko partzial batekin.
Atsedenaldiaren ostean Araskik ezin izan du norabidea zuzendu baloi galera ugarirekin, eta hirugarren laurdena ere galdu du (7-11). Talde madrildarrak bere abantaila mantentzen zuen, eta handitu ere egiten zuen, Irati Etxarriren gidaritzapean. Arabako taldea ez da iruindarra geldiarazteko gai izan. Azken partziala ere Estudiantesen aldekoa izan da (11-20). Beraz, Araskik bigarren porrota jarraian jaso du (45-76).
Mirai Euskotrenek ordu berean hasi du bigarren jardunaldiko partida, baina beranduago amaitu da Josean Gasca kiroldegian, jardunaldi honetako euskal taldeen garaipen bakarrarekin. Segidako bigarren garaipena du Azu Muguruzaren taldeak.
Partida oso parekatua izan da eta talde gipuzkoarrak norgehiagoka serioa jokatu behar izan du garaipena eramateko. Abantailak txikiak izan dira beti, eta donostiarrek gogor lan egin behar izan dute amaierara arte. 16-14, 22-17, 18-18 eta 19-16ko partzialekin Mirai Euskotren nagusitu da 75-65eko azken emaitzarekin.