Inversus Gernikak eta Mirai Euskotrenek garaipena lortu dute; Kutxabank Araskik ezin izan du Baxi Ferrol gainditu
Bizkaiko taldeak 80-84 irabazi zion Celtari, luzapenean, Mirai Euskotrenek 53-72 menderatu zuen Ensino; Kutxabank Araskik, ordea, 82-77 galdu zuen.
Emakumezkoen Endesa Ligako lehen jardunaldiak bi garaipen eta porrot bat utzi ditu euskal taldeentzat, asteburu honetan: Celta 80-Inversus Gernika 84, Ensino 53-Mirai Euskotren 72, eta Baxi Ferrol 82-Kutxabank Araski 77.
Inversus Gernikak jokatu zuen lehendabizi, larunbatean, Celtaren etxean. Gernikako taldeak ez zuen norgehiagoka ondo hasi, etxeko taldeak lau hiruko sartu baitzituen lehen laurdenean. Hala ere, hirugarren laurdenetik aurrera, Franky Garciak entrenatutako taldeak abantaila estutzea lortu zuen, eta azken laurdena 74na berdinduta bukatu zuten. Ondorioz, luzapenera joan zen lehia. Bizkaiko taldeak indartsu ekin zion azken txanpari, eta 30 segundoren faltan, Seehia Ridarden hiruko jaurtiketa batek garaipena eman zion: 80-84.
Mirai Euskotrenek ere hasieran bikaina eman zion Ligaren denboraldiari, Duran Maquinaria Ensinori 53-72 irabazita. Azu Muguruzak zuzentzen duen taldeak lau laurdenetan irabazi zuen, sendo jokatuta. Hasieratik indartsu kantxaratu ziren, eta pixkanaka abantaila handitu zuten. Aldageletan izan ondoren, Azu Muguruzaren jokalariek abantailari eutsi zioten eta hirugarren laurdenean berriro nagusitu ziren. Azken hamar minutuetan, lan bikaina eginez, 53-72 bukatu zuten.
Azkenik, Kutxanbank Araskiri garaipenak ihes egin zion Baxi Ferrolen aurkako partidaren azken minutuetan, lehia kontrolpean izan arren. Lehen laurdenean, Kutxabank Araskik zailtasunak izan zituen erasora begira, baina azkar eman zion buelta egoerari, eta abantaila murriztu zuen. Bigarren laurdenean, markagailua irauli eta azken laurdenari aurretik ekitea lortu zuen. Dena den, Ferrolek une erabakigarrian 14-1eko partziala egin zuen; hala, ezin erantzunda geratu ziren araskitarrak.