Lointek Gernikak eta IDK Euskotrenek irabazi egin dute; Kutxabank Araskik eta Ardoik, galdu
Emakumezkoen Endesa Ligako 3. jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek garaipena lortu dute; Kutxabank Araskik eta Oses Construcciones Ardoik, berriz, galdu egin dute.
Atzo Mendizorrotzako kiroldegian jokatutako euskal derbian, Lointek Gernika Bizkaiak 43-53 menderatu zuen Kutxabank Araski. Bizkaiko taldeak partida hasiera bikaina egin zuen, eta orduan lortutako abantaila ondo defendatu zuen hurrengo laurdenetan.
Made Urietaren neskak emaitza iraultzen saiatu ziren, baina ezinezkoa izan zitzaien Gernikako taldeak defentsako jokoan egindako lan onari aurre egitea.
Gainerako euskal taldeek gaur jokatu dute. IDK Euskotrenek 68-56 irabazi dio Movistar Estudiantesi. Partida oso parekatua izan da, eta azken laurdenean erabaki da, etxekoen alde.
Bestalde, Oses Construcciones Ardoik galdu egin du Spar Gironaren aurka Zizur Nagusiko kiroldegian jokatu duen neurketa (67-91), eta, ondorioz, oraingoz ez du garaipenik bereganatu elitean.
Horrenbestez, IDK Euskotren, Lointek Gernika eta Kutxabank Araski launa punturekin daude, bata bestearen atzetik, Endesa Ligako sailkapenaren erdialdean. Nafarroako taldea, berriz, azkena da, zero punturekin.