Barandika-Basque eta Ihart-Maia bikoteek jantzi dute Urrezko Gerrikoa, Lauko Final handia irabazi dute eta
Gizonezkoen finalean, Barandikak eta Basquek bi jokotan (15-6 eta 15-12) hartu dituzte mendean Erkiaga eta Gorka. Emakumezkoen finala askoz lehiatuagoa eta estuagoa izan da; izan ere, irabazleek hiru joko (12-15, 15-10 eta 2-5) behar izan dituzte Elaia eta Arai garaitzeko.
Jai Alai Leagueko Lauko Finaleko txapeldunak, txapelekin eta Urrezko Gerrikoekin. Irudia: Eraman
Xabi Barandikak eta Thibault Basquek Urrezko Gerrikoa jantzi dute, Jai Alai Leagueko Lauko Final handia Aritz Erkiagari eta Gorka Sorozabali bi jokotan (15-6 eta 15-12) irabazita, Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan. Lehen jokoan ez da apenas lehiarik izan; bigarrenean, ordea, lanak izan dituzte txapeldunek. Horrenbestez, Barandikak hirugarren denboraldiz jarraian jantziko du Urrezko Gerrikoa, urtea lesio larri batekin hasi ostean.
Lehenbiziko jokoan oso nagusi izan dira Barandika eta Basque. Erkiagak ez du ohiko mailan jardun, eta hanka-sartze asko egin ditu. Ispasterko aurrelariak zazpi pilota galdu ditu. Lehen etenaldira 8-4 aurretik joan dira markagailuan aurrelari gernikarra eta atzelari lapurtarra. Aldageletatik itzulitakoan, neurketa ez da askorik aldatu, eta Barandikak eta Basquek zuloa handitu egin dute. Horrela, aurreneko jokoa oso erraz irabazi dute (15-6).
Bigarren jokoa oso bestelakoa izan da, askoz estuagoa. Erkiaga amorru bizian kantxaratu da, jokatu duen lehen joko eskasaren ondoren. Ondorioz, Barandikak eta Basquek lana erruz egin behar izan behar dute. Erkiaga eta Gorka 2-5 aurretik jarri dira, baina serio jokatuta neurketa berriro parekatzea lortu dute aurrelari gernikarrak eta atzelari bidartarrak. Ispasterko aztia eta atzelari biarriztarra saiatu egin dira, baina ez zen beraien eguna. Hamabinakoa azken berdinketa izan da, Barandikak eta Basquek orduantxe desorekatu dute norgehiagoka, bigarren jokoa eta garaipena poltsikoratzeko (15-12).
Emakumezkoen finalean, Ihartek eta Maiak ezustekoa eman eta Elaia eta Arai faboritoak menderatu dituzte, hiru jokotan (12-15, 15-10 eta 2-5), gorabehera handiko norgehiagokan. Jokoaren ekimena Ihartena eta Maiarena izan da gehienetan, eta merezita irabazi dute finala, Urrezko Gerrikoa janzteko. Maiaren bigarren Jai Alai League jarraian da, iaz Elaiarekin bereganatu baitzuen gerrikoa.
Lehen joko oso orekatu eta borrokatua azken txanpan erabaki da. Bi bikoteen arteko aldea tanto bakarrekoa izan da lehen jokoaren zatirik handienean. Ihartek eta Maiak oso serio jokatu dute, ia oparirik egin gabe, eta pilota baztertzen saiatu dira. Estrategia argia zen, Elaia jokoz kanpo uztea eta Arairi ezker hormara pilota baztertzea. Eta lortu dute, bai Elaia eta bai Arai oso deseroso ibili baitira kantxan, lehen jokoan. Hala ere, aurrelari berriatuarra eta atzelari markinarra aurretik joan dira lehen etenaldira (8-6). Aldageletatik bueltan, ordea, neurketa iraultzea lortu dute aurrelari sopeloztarrak eta atzelari berriatuarrak. Hamarna eta hamaikana berdindu ondoren, Ihartek eta Maiak lehen jokoa poltsikoratzeko abantailatxoa lortu dute (12-15).
Bigarren jokoa, aldiz, oso kaskar hasi dute Ihartek eta Maiak, eta Elaiak eta Araik ederki baliatu dute (4-0). Aurrelari sopeloztarra eta atzelari berriatuarra hotz hasi dira, eta deskonexio une hori larrutik ordaindu dute. Hala ere, ez dute etsi eta markagailua zertxobait estutzea lortu dute etenaldira 8-5 atzetik joateko. Aldageletatik bueltan, erraztasunak ematen jarraitu dute Ihartek eta Maiak, eta faboritoek ez dute barkatu, berriatuarrak eta markinarrak neurketa berdindu dute, bigarren jokoa aise irabazita (15-10).
Hirugarren eta azken joko erabakigarrian, norgehiagoka berriro aldatu da. Nahiz eta Elaiak eta Araik 2-0 aurrea hartu, Ihartek eta Maiak aurkariak baino askoz ausartago jokatu dute, eta jokoaren ekimena eurena izan da. Aurrelari sopeloztarrak errematean asmatu du, eta atzelari berriatuarrak ezin hobeto luzatu du pilota Arai estu jartzeko. Horrela, markagailua irauli egin dute eta zuzenean bosgarren kintzera joan dira partida ixteko (2-5).