Jai Alai League
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Erkiaga-Gorka eta Ihart-Maia bikoteek Lauko Finalaren final handirako txartela lortu dute

Erkiagak eta Gorkak Urreistiri eta Lekerikari irabazi diete hiru jokotan (15-10, 13-15 eta 5-4), bigarren finalerdian. Era berean, Ihartek eta Maiak Maite eta Frida mendean hartu dituzte hiru jokotan (15-6, 11-15 eta 5-4).

Ihart-Maia eta Maite-Frida

Argazkia: Eraman

Aritz Erkiagak eta Gorka Sorozabalek Eñaut Urreistiri eta Unai Lekerikari irabazi diete hiru jokotan (15-10, 13-15 eta 5-4) Jai Alai Leagueko gizonezkoen Lauko Finalaren bigarren finalerdia, Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan jokatutako norgehiagoka. Final handian Xabi Barandika eta Thibault Basque izango dituzte aurkari.

Lehen jokoa oso borrokatua, lehiatua eta parekatua izan da azken txanpara arte. Lau jokalariek tanto bikainak jokatu dituzte. Bana, bina, bosna, seina, zazpina eta hamarna berdindu dute. Aurrelari bizkaitarra eta atzelari lapurtarra lehen etenaldira aurretik joan dira markagailuan, baina tanto bakarreko aldearekin (8-7). Jokoaren azken txanpan, ordea, Urreisti eta Lekerika ez dira fin aritu, eta Erkiagak eta Gorkak zuloa egiteko eta jokoa poltsikoratzeko aprobetxatu dute (15-10).

Bigarren jokoa ere oso orekatua izan da, eta detaile txikiek erabaki dute, baina oraingoan txanpona beste aldera erori da. Gainera, parekotasuna azkenera arte izan da. Aurrelari mutrikuarra eta atzelari gernikarra 13-15 gailendu dira, eta neurketa berdintzea lortu dute.

Azken joko erabakigarrian, norgehiagokak ildo beretik jarraitu du, eta emozioa nagusi izan da. Amaiera zirraragarrian partida azken tantoak erabaki du, eta hori Erkiagak eta Gorkak egin dute finalerako txartela eskuratzeko (5-4).

Iragarkia
Maia-Ihart adierazpenak
18:00 - 20:00

Ondoren, Ihart Arakistainek eta Maia Goikoetxeak Maite Ortiz de Mendibil eta Frida Watkins mendean hartu dituzte hiru jokotan (15-6, 11-15 eta 5-4) Jai Alai Leagueko emakumezkoen Lauko Finalaren bigarren finalaurrekoan, pilotaleku donostiarrean jokatutako neurketan. Finalean Elaia Gogenola eta Arai Lejardi izango dituzte aurrean.

Aurreneko jokoan aise nagusitu dira Ihart eta Maia. Aurrelari sopelarrak eta atzelari berriatuarrak hasiera bikaina eman diote partidari, eta 6-1 aurrea hartu dute markagailuan. Hala ere, Maitek eta Fridak ez dute etsi, eta markagailua orekatzea lortu dute. Seinakoa izan da jokoko berdinketa bakarra. Etenaldira agintzen joan da bikote bizkaitarra (8-6). Atsedenalditik bueltan, aurrelari arabarrak eta atzelari gipuzkoarrak ez dute batere asmatu, eta bikote bizkaitarra zuzenean 15. kintzera joan da. Beraz, sopelarrak eta berriatuarrak nahiko erraz irabazi diete lehen partziala gasteiztarrari eta zumarrari (15-6).

Bigarren jokoa oso bestelakoa izan da hasieratik. Maite eta Frida oso serio jokatzen hasi dira, eta aurkariei ezin hobeto eutsi diete. Jokoaren lehen laurdena oso parekatua izan da, bana, bina eta launako berdinketekin. Hala ere, etenaldira markagailuan aurretik joatea lortu dute arabarrak eta gipuzkoarrak (5-8). Aldageletatik bueltan ere agintzen jarraitu dute gasteiztarrak eta zumaiarrak, eta azkenean jokoa poltsikoratu dute (11-15), neurketa berdinduz eta norgehiagoka hirugarren joko erabakigarri bidaliz.

Azken jokoan denetik gertatu da. Ihart eta Maia 3-0 jarri dira aurretik. Gainera, 3-0koan Fridak erreboteko zuloan pilota saskian sartzen ez du asmatu, eta erreboteak pilotak hankan jo du. Jokoa eta neurketa galduta zutela ematen zuenean arabarrak eta gipuzkoarrak berriro erreakzionatu dute markagailua estutuz (3-2). Maiteri saskitik atera zaion pilota batek 4-2koa suposatu du, epaileek horrela ebatzi ondoren. Hurrengo tantoan, ordea, gauza bera gertatu zaie aurkariei (4-3), eta epaileek ikusi eta erabaki bera hartu dute. Gasteiztarrak eta zumaiarrak jokoa launa berdintzea lortu dute, baina azken tantoak ihes egin die, eta bikote bizkaitarra finalera sailkatu da, baina majo kostata (5-4).

 

Publizitatea
X
Publizitatea
X