Barandika-Basque eta Elaia-Arai bikoteak Lauko Finalaren final handian izango dira
Elaiak eta Araik Jai Alai Leagueko Lauko Finalaren final handirako txartela lortu dute. Irudia: EITB
Barandikak eta Basquek Jai Alai Leagueko Lauko Finalaren lehen finalerdian garaipena lortu dute, Johan eta Manciri bi jokotan irabazita (15-11 eta 15-7), Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan jokatutako partidan.
Lehen jokoa oso estu joan da atsedenaldiraino (8-6), ondoren markagailuan zulotxoa zabaldu dute Barandikak eta Basquek (10-6), eta aldeari eutsi diote amaierara arte. Bi bikoteak serio jokatzen saiatu dira, eta tantoa egiten baino aurkarien hutsegitea eragitea izan dute helburu. Jokoaren bigarren erdia lehenengoa baino ikusgarriagoa izan da, eta detaile txikiek erabaki dute norgehiagoka. Azkenean aurrelari gernikarrak eta atzelari bidartarrak irabazi dute lehen jokoa (15-11).
Bigarren jokoa lehenengoaren oso antzekoa izan da. Atsedenaldira arte oso parekatua suertatu da, baina handik aurrera neurketa berriro hautsi da. Bigarrenean, gainera, abantaila handiagoa lortu dute bizkaitarrak eta lapurtarrak, batez ere Johanen hanka-sartzeak baliatuta. Biek estrategia argi zuten, jokoa atzean kargatu Manci lehertzeko, eta hein handi batean lortu dute. Horrek Johanek presaka jokatzea ere eragin du, eta haren hutsak. Azken txanpan 8-1eko partziala sartu diete horiek galtzaileei, eta jokoa aise poltsikoratu dute (15-7).
Era berean, Elaia Gogenolak eta Arai Lejardik Jai Alai Leaguearen Lauko Finalean lehen garaipena lortu dute, Lur Lejardiri eta Oaia Otañori bi jokotan irabazita (15-7 eta 15-11). Horrela, Lejardi ahizpen arteko deman Arai Lurri nagusitu zaio.
Lehendabiziko jokoa azkenean erraz irabazi dute faboritoek, Elaiak eta Araik, nahiz eta Lurrek eta Oiak hasiera ona eman partidari. Izan ere, aurrelari markinarra eta atzelari mutrikuarra 0-3 eta 1-4 jarri dira aurretik. Baina hortxe agortu zaie bolada ona, eta bikote bizkaitarrak markagailua irauli du, atsedenaldira 8-5 irabazten joateko. Kantxara bueltan ez da norgehiagokaren joera aldatu, eta Elaiak eta Araik ez dute barkatu, jokoa 15-7 poltsikoratuz.
Bigarren jokoan gauzak zailago jarri dizkiete Lurrek eta Oaiak Elaiari eta Arairi, baina ez da nahikoa izan. Markinarra eta mutrikuarra beti atzetik izan dira markagailuan, nahiz eta aurkariak gehiago estutu. Bizkaitarrak nagusi izan dira, sendo jokatuta. Azkenean 15-11 irabazi dute bigarren jokoa. Lur Lejardik azken sakean bi pasa egin ditu jarraian, eta neurketari bukaera eskasa eman dio.