Arrizabalaga-Bergara bikoteak eta Erasunek finalerako azken txartelak eskuratu dituzte
Salsamendik eta Capellanek mendean hartu dituzte Arrizabalaga eta Bergara (19-22) Plazandreak saioko laugarren jardunaldian, baina bigarrenak sailkatu dira finalerako. Ondoren, Lau t’erdiko partidan, Erasunek Ibarrolari 14-18 irabazi dio, eta bere bigarren finala jarraian jokatuko du.
Erasunen eta Ibarrolaren arteko besarkada, neurketaren bukaeran. Irudia: EITB
Laia Salsamendik eta Andrea Capellanek mendean hartu dituzte Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergara (19-22) Plazandreak saioko laugarren jardunaldian, Bilboko Esperantza pilotalekuan. Hala ere, garaipen gazi-gozoa izan da, abuztuaren 10eko finalerako txartela aurrelari gernikarrak eta atzelari tuterarrak eskuratu baitute.
Salsamendik eta Capellanek 22ra iritsi eta aurkariak 13 kintzerekin utzi behar zituzten, baina ez dute lortu. Beraz, Arrizabalaga eta Bergara sailkatu dira finalerako, 19 tanto eginda.
Izabako aurrelariak eta Santo Domingo de la Calzadako atzelariak hasiera ona eman diote neurketari. Bergarari ezkerra bilatu diote behin eta berriro, eta Salsamendik musika jarri du aurreneko tantoetan (1-6). Baina gauzak zeharo aldatu dira berehala, Arrizabalagak sakea hartu eta urdinen opariak aprobetxatu ditu eta.
Aurrelari gernikarrak min handia egin dio Capellani sakez, eta zazpi tanto pilotakada horiekin egin ditu. 14-10ekoarekin finalerako txartela ziurtatu dute Arrizabalagak eta Bergarak. Ordutik aurrera, ordea, Salsamendi eta Capellan askatu egin dira, eta markagailuari so egin gabe hobeto jokatu dute.
Horrela, lan asko eginda, txapelketari garaipen batekin esan diote agur, nahiz eta finaletik at geratu. Berdinketa askoko norgehiagoka izan da, seina, zazpina, zortzina, hamarna, hamazortzina eta hemeretzina berdindu baitute.
Erasunek bere bigarren finala jokatuko du jarraian
Ondoren, Lau t’erdiko partidan, Itxaso Erasun zizurkildarrak Aizane Ibarrola iruindarrari 14-18 irabazi dio, eta bere bigarren finala erreskadan jokatzeko txartela lortu du. Partida orekatua eta parekatua izan da, eta detaile txikiek ekarri dute emaitza.
Ibarrolak norgehiagokaren une kritikoetan opariak egin ditu, tartean sakez egindako pare bat falta, eta larrutik ordaindu ditu. Ondorioz, abuztuaren 10eko finala bi atzelarik jokatuko dute, Itxaso Erasunek eta Enara Gamindek, egungo Plazandreak saioko lau t’erdiko txapeldunak eta lau t’erdiko txapelketa nagusiko egungo irabazleak.
Ibarrolak 11 tanto egin ditu, baina 9 galdu. Erasunek, ostera, 9 kintze bukatu ditu, baina 3 soilik galdu ditu.