3. JARDUNALDIA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Aldai-Arrillaga bikoteak eta Gamindek Plazandreak saioaren finalerako lehen txartelak lortu dituzte

Amaia Aldaik eta Miriam Arrillagak Goiuri Zabaleta eta Nora Mendizabal 22-18 hartu dituzten mendean, partida oso gogor, luze eta borrokatuan. Era berean, lau t`erdikoan, Enara Gaminde 18-17 nagusitu zaio Aizane Ibarrolari.

Gaminde-Ibarrola-Plazandreak

Enara Gaminderen sufrimendu aurpegia, Aizane Ibarrola tanto bakarreko aldearekin gainditu ondoren. Irudia: EITB

Amaia Aldaik eta Miriam Arrillagak Plazandreak saioko finalerako txartela lortu dute gaur, Bilboko Esperantza pilotalekuan Goiuri Zabaletari eta Nora Mendizabali 22-18 irabazita. Aurrelari nafarra eta atzelari gipuzkoarra aukerarik gabe geratu dira. Partida oso gogorra, luzea eta borrokatua izan da. Guztira, lau pilotariek 960 pilotakada jo dituzte.

Iragarkia
Amaia Aldai
18:00 - 20:00

Neurketa hasiera oso parekatua izan da, berdinketa anitzekin. Bi bikoteek bana, bina, hiruna, seina eta bederatzina berdindu dute. Ondoren, Zabaleta musika jartzen hasi da, eta bikote urdinak zuloa zabaldu du markagailuan (10-15).

Leitzarrak aldea egin behar zuela zirudienean, gorriek erreakzionatu eta norgehiagoka ekarri dute berriro (15-15). Orduan Dimako aurrelariaren unea iritsi da partidan. Izan ere, Amaia Aldai kantxa osoan agintzen hasi da, oso inspiratuta. Urdinek, ezinean, lanean jarraitu dute, aurrelari bizkaitarraren erasoei eusteko saiakeran.

Azkenean, Aldai izan da erabakigarria azken txanpa horretan, eta dimoztarra eta usurbildarra garaipena poltsikoratu dute neurketa estuan. Lau pilotarien lana benetan goraipatzeko modukoa izan da.

Gamindek finalerako txartela lortu du, majo sufrituta

Lau t’erdiko norgehiagokak gidoi ia berbera izan du. Aizane Ibarrolak hilabete eta erdi kantxetatik kanpo eman ostean aspaldiko partidarik zailena planteatu dio Enara Gaminde eguneko txapeldunari. Uhartekoa min hartuta egon da, eskuetako arazoekin, baina gaurkoan ez zaio deus nabaritu.

Iragarkia
Enara Gaminde
18:00 - 20:00

Ibarrolak etengabe zalantzak sortu dizkio Laukizko pilotariari, eta hormabikoari etekin ikaragarria atera dio. Neurketaren lehen erdian 8-5 eta 11-5 izan da aurretik Gaminde, eta bizkaitarrak bere legea erraztasunez inposatu behar zuela zirudien. Baina pilotari nafarrak ez du etsi eta estutu galanta eman dio faboritoari.

Azkenean, kintze bateko aldearekin irabazi du laukiztarrak (18-17), majo sufrituta. Horrela, bizkaitarrak finalerako txartela lortu du. Nafarra ezustekoa emateko zorian izan da, eta meritu handiko partida egin du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X