21. ETAPA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Van Der Poelek irabazi du azken etapa eta Pogacarrek Tourra

Alpecin taldeko txirrindulariak erasoa jo du Montmartreko azken igoeran, Tadej Pogacarrekin batera, eta helmugatik metro gutxira indarrik gabe geratuko zela zirudien arren, berak eskuratu du garaipena. Philipsen taldekidea eta Pedersen helmugaratu dira ondoren.

Pogacar eta Van Der Poel

Van der Poel eta Pogacar helmugan besarkatzen. Argazkia: EFE.

Mathieu van der Poelek (Alpecin) irabazi du 2026ko Frantziako Tourreko azken etapa. Alpecin taldeko txirrindulariak erasoa jo du Montmartreko azken igoeran, Tadej Pogacar (UAE) Tourreko irabazlearekin batera, eta helmugatik metro gutxira indarrik gabe geratuko zela zirudien arren, bera nagusitu da azkenean. Philipsen (Alpecin) eta Pedersen (Lidl-Trek) helmugaratu dira ondoren.

Sailkapen nagusian, espero bezala, ez da aldaketarik egon, eta dena gaurko etaparen aurretik zegoen bezala geratu da. Pogacar nagusitu da, Evenepoel (Red Bull) izan da bigarrena, eta Del Toro (UAE), berriz, hirugarrena.

Mathieu Van Der Poel helmuga zeharkatu ondoren. Argazkia: EFE.

Thoiry eta Paris arteko azken etapako 133 kilometroak 89ra murriztu dira, suteen aurkako borrokan agente gehiago sartzeko beharragatik. Hala ere, azken zatia mantendu egin da, Montmartrerako hiru igoerarekin eta Eliseoko Zelaietatik beste bi pasabide gehiagorekin.

Horrela, beste egun batez txirrindulari optimistak izan ditugu eta azken etapa zirraragarria izan da. Veistroffer (Lotto) frantziarra izan da erasoa jo duen lehena, baina bere bakarkako ibilbidea neutralizatu egin du pelotoiak 58 kilometroren faltan. 

Lau kilometro geroago Xabier Mikel Azparrenen (Q36.5) txanda izan da, Thibault Guermalec (TotalEnergies) frantziarrarekin batera. Donostiarrak, gainera, Cote de la Butte Montmartreko lehen igoera buruan amaitu du, eta une horretan 15 txirrindulariko taldea batu zaio, ihesaldi interesgarria izan zitekeelakoan. Hala ere, 35 kilometro falta zirenean, tropelak bere lana egin du berriro eta aukerarik gabe utzi ditu. Tadej Pogacar, Mads Pedersen edo Mathieu Van Der Poel ziren talde ugariaren izenetako batzuk.

Cote de la butte Montmartreko bigarren igoerari ere ez zaio emoziorik falta izan. Tadej Pogacarrek eta Mathieu Van der Poelek erasoa jo dute gainerako txirrindulariengandik urrundu nahian. Mads Pedersen eta Remco Evenepoel batu zaizkie igoera igo eta gutxira, baina ihesaldi saiakera honek ere ez du arrakastarik lortu.

Arrakasta izan duena Cote de la Butte Montmartreko hirugarren eta azken igoerako erasoa izan da. Berriro ere Tadej Pogacar eta Mathieu Van der Poel izan dira protagonistak. Azken 10 kilometroetan buruz buru ibili dira, baina azken kilometroan Tourreko irabazlea atzean geratu da eta Van Der Poel bakarrik geratu da.

Tropelak harrapatuko zuela zirudien, batez ere Philpsen eta Pedersen loria kentzetik oso gertu egon diren esprinta ere egin dutelako. Van Der Poelek indarrak atera ditu itxuraz ezer geratzen ez zen tokitik eta bere lehen postuari eutsi dio.

Gaurkoa Ion Izagirreren azken etapa izan da Frantziako Tourrean.

Frantziako Tourra
Ez dago emaitzarik erakusteko.

Zure interesekoa izan daiteke

Podio Tour Femenino 2026
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Volleringek, Niewiadomak eta Longo Borghinik osatu dute Frantziako Tourreko podiuma

Azken etapa erakustaldi batekin bereganatu ostean, Demi Vollering (FDJ) herbeheretarra Frantziako Tourreko podiumaren gorenera igo da, Kasia Niewiadoma (CANYON) poloniarra igo da bigarrenera, eta Elisa Longo Borghini (UAE) italiarra, berriz, hirugarrenera. Bestalde, gazte onena Antonia Niedermaier (CANYON) alemaniarra izan da, mendiko maillota Puck Pieterse (Fenix) herbeheretarrak irabazi du eta Lorena Wiebes (SD Worx) herbeheretarrak jantzi du puntuen maillota.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X