2027ko Dakar rallya Portugalen abiatuko da eta Maroko zeharkatuko du
Urtarrilaren 9an hasiko da, Algarven, eta hilaren 23an amaituko da, Marrakexen, 7.824 kilometroko ibilbidea osatu ondoren. Saudi Arabiak 2028an hartuko du berriro lasterketa.
2026ko Dakar rallyaren 13. etapa, Yanbun (Saudi Arabia). Argazkia: Florent Gooden / DPPI / AFP7 / Europa Press
Dakar rallya Portugalera eta Marokora itzuliko da, bi herrialde horiek probako ibilbidearen parte izan zirenetik 20 urtera. 49. edizioa 2027ko urtarrilaren 9an abiatuko da Portugalgo Algarve eskualdetik, eta hilaren 23an amaituko da Marrakexen, Maroko iparraldetik hegoaldera zeharkatu ostean. Egoitza aldatzea erabaki dute Saudi Arabian lasterketa egitea “ezinezkoa delako”, segurtasun-arrazoiak tarteko.
Guztira, 7.824 kilometroko ibilbidea izango du lehiaketak, eta horietatik 4.341 kronometratutako tarteak izango dira. Portugalek hartuko ditu prologoa eta lehen etapa berezia, biak Algarveko Loulé-Faro zonaldean. Ondoren, parte-hartzaileek Mediterraneoa zeharkatuko dute gauez, Marokoko Nador portura iristeko.
Marokora iritsitakoan, Atlas mendikatea zeharkatuz, hegoalderantz egingo du rallyak, Bouarfa eta Zagora igarota. Agadirren egingo dute atsedenaldia, eta, ondoren, herrialdearen hegoaldeko basamortuetan barrena jarraituko dute. Bigarren astean, Smara eta Dakhla ingurua izango dira ibilbidearen hegoaldeko punturik urrunenak.
Handik, iparralderantz egingo dute berriro parte-hartzaileek, Atlantikoko kostaldeari jarraituz, Marrakexera iritsi arte. Han amaituko da lehiaketa, 12 etapa jokatu ostean. Antolatzaileen arabera, tarte berezi gehienek “350 eta 500 kilometro arteko luzera” izango dute.
David Castera Dakar rallyaren zuzendariak esan du, ibilbide berria prestatzeko denbora gutxi izan duten arren, azken edizioetako kirol-mailari eutsiko dion “benetako Dakar bat” diseinatu dutela. Horrez gain, parte-hartzaileek Maroko “mutur batetik bestera” ezagutzeko aukera izango dutela nabarmendu du, “aurrekaririk gabeko dimentsioa” duen ibilbide baten bidez.
Casterak eskerrak eman dizkie lehiakideei, ezohiko egoera honetan erakutsitako leialtasunagatik. Oraingoz, 350 parte-hartzailek eman dute izena. Antolatzaileek baieztatu dute proba Saudi Arabiara itzuliko dela 2028an, 50. edizioarekin bat eginez.