Europa Liga
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Penalti batek eta Jon Martinen bigarren txartel horiak Reala hondoratu dute Londresen (2-1)

Matarazzoren jokalariek kontrolpean izan dute partida lehen 70 minutuetan, eta aurrea hartu dute markagailuan Sarrren golari esker, baina Matetak hamaika metroetatik eta Mcneilek markagailua irauli dute. Marrerok bigarren penalti bat gelditu du azken minutuetan.

LONDON (United Kingdom), 26/11/2026.- Jean Philippe Mateta of Crystal Palace (L) vies for the ball with Mamadou Sarr of Real Sociedad (R) during the UEFA Europa League league phase match between Crystal Palace and Real Sociedad at Selhurst Park in London, Britain, 26 November 2026. (Reino Unido, Londres) EFE/EPA/ANDY RAIN
Sarr eta Mateta, golegileak partidan. Argazkia: EFE

Realak porrota jaso du Crystal Palaceren aurka Londresen, 2-1, Europa Ligako bosgarren jardunaldian. Donostiarrek 70 minutu oso serio jokatu dituzte, eta aurkaria baino gehiago izan dira, baina penalti batek norgehiagoka guztiz aldatu du.

Lehen zatiko azken ordu laurdenean, Reala nagusi

Lehen ordu erdi oso orekatu baten ondoren, ia gol aukera argirik gabe, markagailuan aurrea hartzeko lehen aukera argia Guedesek bere onetan izan du 34. minutuan, baina area barrutik egindako jaurtiketa Hendersonek aldendu du.

Talde txuri-urdinak baloiaz jabetu eta zelaia makurtu du lehen zatiko azken ordu laurdenean. Guedesek beste aukera bat izan du 37. minutuan, sakonean Oyarzabalen pase on bat jaso ondoren, baina bere jaurtiketa gurutzatuak atezain ingelesarekin egin du topo berriro, eta Hendersonek kornerrera desbideratu du baloia.

Minutu bat geroago , Ochiengek area barruan izkin egin du, baina Palacen defentsa baten aurka jo du bere jaurtiketak. Atsedenaldira iritsi baino lehen, talde ingelesa izan da Marreroren atera hurbildu dena. Hegaleko sake luze batean, baloia arean jarri eta ingelesek Matetaren burua aurkitu dute, baina bere errematea Sarrek eragotzi du.

50. minutuan, Hendersonek Oyarzabalen beste erremate garbi bat gelditu du. Realak kontraeraso bikaina egin du, Ochiengen orpoz jotako baloi batekin eta Guedesen abiadurarekin abiatuta. Portugaldarrak erdiraketa ona jarri dio kapitainari, baina eibartarraren lehen ukituko errematea oso erdira atera zaio.

Handik gutxira, Gorrotxategi saiatu da areaz kanpotik, eta jaurtiketa gogorra egin du, Hendersonek aldaratu duena. 53. minutuan, Ochiengek eta Jon Martinek tupust egin dute ingelesen area barruan, eta batez ere bigarrenak min hartu du, hasieran konorterik gabe geratu baita. Hala ere, erdiko atzelaria berdegunean bertan suspertu egin da, Realeko zerbitzu medikuek artatu eta gero.

Sarrek Reala aurretik jarri du

65. minutuan merezi zuten saria jaso dute donostiarrek. Realaren jokaldi on bat, Ochiengen erdiraketa bikain batekin eta Sarren golarekin amaitu da. Atzelariak benetako aurrelari baten mugimendua egin du area barruan errematea aurkitzeko.

Penaltia Matetari

Epaileak penaltia adierazi du, eta Jon Martin egotzi du bigarren txartel horia ateratak. Erdiko atzelari lasartearra aurrelari frantziar handiari eusten dio, baina zaila da lurrera botatzeko nahikoa indar den jakitea. VARak ez du jokaldia aztertu epailearen iritzia ontzat emanez. Matetak erdira egindako jaurtiketa gogor batekin asmatu du hamaika metroetatik, Marrero eskuin aldera bota denean.

Mcneilen gola

Partida maldan gora jarri da jokaldi honekin, Matarazzok taldea berregituratu behar izan du eta Frankek bere taldea garaipenaren bila bota du hainbat aldaketarekin. Reala denboraleari aurre egiten saiatu da, baina 81. minutuan bigarren kolpea iritsi da. Macneilek, bigarren zatian berdeguneratu den jokalariak, bigarren gola egin du. Aurrelari ingelesa azkarrena izan da area barruan baloia harrapatzeko orduan, eta sare barrura bidali du markagailua iraultzeko.

Denbora ia agortuta zegoenean, epaileak bigarren penalti bat adierazi du Palaceren alde, Solerrek area barruan baloia eskuarekin ukitutu baitu. Yeremy Pinok jaurti du hamaika metroetatik, baina Marrerok asmatu egin du norabidea eta jaurtiketa gelditu du.

Matarazzoren taldea hobea izan da hamaika jokalarirekin, baina lehen penaltiaren jokaldiak erabat aldatu egin du neurketa, eta erabakigarria izan da. Bat gutxiagorekin partida berdintzen saiatu da talde txuri-urdina, eta Oskarssonek eta Sarrek azken hasperenean izan dituzte aukerak. Hendersonek, ordea, geldiketa bikaina egin dio lehenengoari, eta bigarrenaren burukada kanpora joan da, eta puntuek ihes egin dute.

Publizitatea
X
Publizitatea
X