Sansek 1-2 menderatu du Albacete, eta denboraldiko lehen hiru puntuak eskuratu ditu
Arkaitz Mariezkurrenak, 6. minutuan, eta Gorka Gorosabelek, lehen zatiko luzapenean, egin dituzte Jon Ansotegiren taldearen bi golak; Albacetek partidako 80. minutuan sartu du berea, Bernabeuren eskutik.
Gorka Gorosabelek sartu du Sanseren bigarren gola Carlos Belmonten. Argazkia: Europa Press.
Sansek 1-2 garaitu du Albacete Carlos Belmonte futbol zelaian, 2026-2027 denboraldiko Hypermotion Ligako bigarren jardunaldian, larunbat honetan. Arkaitz Mariezkurrenak, 6. minutuan, eta Gorka Gorosabelek, lehen zatiko luzapenean, egin dituzte Ion Ansotegiren taldearen bi golak; Albacetek, berriz, partidako 80. minutuan sartu du berea, Bernabeuren eskutik. Horrela, Sansek denboraldi honetako aurreneko hiru puntuak bereganatu ditu.
Lehen zatian jazotakoa erabakigarria izan da euskal taldeak garaipena erdiesteko. Arestian esan bezala, Arkaitz Mariezkurrenak soilik 6 minutu behar izan ditu Ansotegiren taldea aurretik jartzeko; izan ere, aurrelariak oso ondo errematatu du buruz Dani Diazek egindako erdiraketa. Sanseren denboraldiko lehenengo gola egin du horrela.
Atsedenaldira joan baino apur bat lehenago, Gorosabelek 0-2koa sartu du. Donostiako erdilariak jaurtiketa on baten bidez bidali du baloia Mariño Albaceteko atezainaren ateko sareetara. Gol horri esker, Sanse abantaila ona zuela joan da atsedenaldira, baina bigarren zatia falta zen jokatzeko, eta etxeko taldeak bigarren zatian presio gogorra egitea espero zen.
Albacetek, baina, gol bakarra sartu du; Dani Bernabeuk egin du, 80. minutuan. Horrela, Sansek merezitako garaipena eskuratu du.