6. JARDUNALDIA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Osasunak Atletico Madrilen etxean galdu du, eta hiru partida daramatza punturik batu ezinik (4-0)

Madrilgo taldea Nafarroakoa baino gehiago izan da, eta argi gailendu zaio; hori bai, 28. minutuan, Atletico Madril 1-0 irabazten ari zela, epaileak baliorik gabe utzi du Arguibideren gol bat, erabaki oso eztabaidagarrian. Jonathan Davidek, Kang-in Leek, Le Normandek eta Baenak sartu dituzte Simeoneren taldearen golak. 

Raul Garcia de Haro (Osasuna)

Raul Garcia, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Osasunak galdu egin du, 4-0, Atletico Madrilen aurka, Riyadh Air Metropolitano futbol zelaian, 2026-2027 denboraldiko EA Sports Ligako seigarren jardunaldian, asteazkenean. Jonathan Davidek, Kang-in Leek, Le Normandek eta Baenak sartu dituzte Diego Simeoneren taldearen golak, eta etxeko taldea argi gailendu zaio Osasunari; hori bai, Hernandez Maeso epaileak, Atletico Madril 1-0 irabazten ari zela, baliorik gabe utzi du Iñigo Arguibidek sartutako gol bat, erabaki oso eztabaidagarrian. Horrenbestez, Osasunak zazpi puntu dituela jarraitzen du sailkapenean. 

Atletico Madril vs Osasuna (4-0): partidaren laburpena

Luis Miguel Ramisek zortzi aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan, aurreko larunbatean Espanyolen aurkako partidan zelairatu zuenari erreparatuta; hala, besteak beste, sartu dira Aitor Fernandez, atepean, debuta egin duen Unai Santos, Osambela, Torro eta Raul Moro. Norgehiagoka bizi-bizi hasi da, eta Aitorrek geldiketa oso ona egin dio Kang-in Leeri; berehala, baina, Raul Morok pase sakon ederra emanda, Raul Garcia Oblaken aurrean gelditu da, eta Oblakek Nafarroako taldearen gola saihestu du.

24. minutuan, etxeko taldeak, Jonathan Daviden bidez, aurrea hartu du markagailuan. Aitorrek ondo gelditu du jokalari kanadiarraren lehenengo jaurtiketa, baina bigarrenean ezin izan du. Neurketako aurreneko minutuetan, Atletico Madrilek beste gol aukera batzuk ere sortu ditu, 1-0ekoa sartu baino lehen.

1-0: Jonathan Daviden gola

Atsedenaldira bitartean, ez da beste golik izan, eta hori bi arrazoirengatik gertatu da: alde batetik, Aitor Fernandez bikain ibili baita, kontuan izanik arrasatearrak zenbait geldiketa oso zail egin dituela; bestetik, eta aipatzeko modukoa da, Hernandez Maeso epaileak, 28. minutuan, Arguibideren gola baliorik gabe uztea erabaki baitu. Epailearen iritziz, jokaldi horretan, Lucas Torrok falta egin dio Le Normandi. Erabakia oso zalantzagarria izan da; itxuraz, ez du ematen falta izan denik. 

Arguibideri baliorik gabe utzi dioten gola

Bigarren zatian hasiera zaila izan du Osasunak; izan ere, Atletico Madrilek bi gol ia jarraian sartu ditu, 2-0ekoa eta 3-0ekoa. Kang-in Leek, 54. minutuan, eta Le Normandek, 63.ean, sartu dituzte gol horiek. Emaitza oso kontra zutela, Ramisen gizonak estutzen saiatu dira, golen baten bila, baina ezinezkoa izan da, eta gainera, 82. minutuan, Baenak Atletico Madrilen laugarrena egin du.

2-0: Kang-in Lee

3-0: Le Normand

4-0: Baena

Publizitatea
X
Publizitatea
X