EA Sports Liga
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Osasunak ezin izan du Vila-real menderatu (2-1), 40. minututik bat gutxiagorekin aritu baita

Epaileak Rosier kanporatu du, eta Budimirrek, lehen zatian, penaltiz, Osasunaren gola sartu du; bigarrenean, Vila-realek hiru puntuak lortu ditu, Mikautadzek eta Gueyek egindako golei esker.
Abel Bretones, Akhomachekin lehian, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.
Abel Bretones, Akhomachekin lehian, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Osasunak 2-1 galdu du Vila-realen aurka, Ceramica futbol zelaian, 2025-26 denboraldiko EA Sports Ligako 5. jardunaldian, larunbatean. Ante Budimir aurrelari gorritxoak, penaltiz, aurretik jarri du Osasuna lehen zatiko luzapenean, eta Georges Mikautadzek, 70. minutuan, eta Pape Gueyek, 85.ean, sartu dituzte Vila-realen golak.

Osasuna jokalari bat gutxiagorekin aritu da 40. minututik, epaileak Valentin Rosier kanporatu baitu. Horrenbestez, Osasunak 6 puntu dituela jarraitzen du, behin-behinean, sailkapeneko 10. postuan.

Vila-real-Osasuna (2-1): partidako laburpena

Alessio Liscik Sergio Herrera, Rosier, Boyomo, Catena, Juan Cruz, Abel Bretones, Ruben Garcia, Moncayola, Torro, Víctor Muñoz eta Budimir zelairatu ditu hasierako hamaikakoan. Iruñeko taldea ondo aritu da lehen ordu erdian, eta Vila-realek ez du ia aukerarik izan arriskua sortzeko. 19. minutuan, Victor Muñozek abagune ona izan du Osasuna aurretik jartzeko. Minutuek aurrera egin ahala, Marcelinoren gizonak gol aukerak sortzen hasi dira, eta Sergio Herrerak hiru geldiketa bikain egin ditu 33. eta 35. minutuetan, Akhomachen eta Mikautadzeren erremateen aurrean, horietako bi jokaldi berean, baina Nafarroako taldeko atezaina ezin hobeto ibili da.

40. minutuan, Isidro Diaz de Mera epaileak Rosier kanporatu du, bigarren txartel horia aterata. Egoera oso zail jarri zaio Osasunari, baina Lisciren gizonek, luzapenean, 0-1ekoa egin dute, Budimirren bidez; kroaziarrak ez du huts egin Thomas Parteyk egindako penaltia jaurtitzeko orduan.

Bigarren zatian, markagailua Osasunaren alde zegoela eta Vila-realek berdegunean gizon bat gehiago zuela, etxeko taldea hasieratik saiatu da Herreraren atera iristen; atezainak, hala ere, ondo erantzun die etxekoen ahalegin guztiei, aurreneko zatian bezala. Nolanahi ere, 70. minutuan, Mikautadzek 1-1ekoa egin du, buruz.

Vila-realek erasotzen jarraitu du, eta Gueyek 2-1ekoa sartu du 85. minutuan, Oluwaseyi taldekideak egindako jaurtiketa bat nahi gabe desbideratuz. Aurretik, Raul Garcia etxeko taldearen arean jausi da, eta penaltia adierazteko moduko jokaldia izan zitekeen, baina epaileak ez du ezer adierazi. Aurrelariak berak, 88.ean, oso gertu izan du 2-2koa, eta Lisciren gizonak partidaren amaierara arte ibili dira golaren bila. Ez dute lortu, ordea.

Osasunak Elx jasoko du ostegunean Sadarren, eta Cartujara joango da gero, igandean, Betisen aurka jokatzeko. Beraz, gorritxoek 6 puntu izango dituzte jokoan astebetean.

Fitxa teknikoa

2 - Vila-real: Luiz Junior; Pau Navarro (Tani Oluwaseyi, 58. min), Foyth (Renato Veiga, 67. min), Rafa Marin, Pedraza; Ilias Akhomach (Buchanan, 46. min), Gueye, Partey (Comesaña, 58. min), Moleiro (Solomon, 67. min); Pepe eta Mikautadze.

1 - Osasuna: Sergio Herrera, Rosier, Boyomo (Barja, 87. min), Catena, Juan Cruz (Osambela, 46. min); Abel Bretones; Ruben Garcia (Herrando, 46. min), Moncayola, Torro, Victor Muñoz (Becker, 76. min) eta Budimir (Raul Garcia, 76. min).

Golak: 0-1, 49. min: Budimir, penaltiz. 1-1, 70. min: Mikautadze. 2-1, 85. min: Gueye.

Epailea: Isidro Diaz de Mera (Gaztela-Mantxa). Vila-real taldeko Pau Navarro eta Comesaña eta Osasunako Rosier (birritan) eta Torro zigortu ditu, txartel horia aterata. 

Nabarmentzekoa: 17.542 zale izan dira Ceramica estadioan.

Zure interesekoa izan daiteke

Luis Miguel Ramis, Osasunako entrenatzailea.
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Luis Miguel Ramis: “Osasuna irabazle bat nahi dut”

Osasunaren entrenatzaile berria lahiaketa hasteko irrikitan dago. Iragan igandean Osasunak Celtarekin jokatu ez zuenez, denboraldiaurreko aste bat gehiago izan dute, eta ondo etorri zaiela esan du. Sadarreko giroa bertatik bertara bizi nahi duela ere esan du, eta, aldi berean, zein Osasuna ikustea nahi duen azaldu du. Azkenik, Luis Miguel Ramisek mezu bat bidali die Osasunako zaleei. (Bideoa, gazteleraz).

Dubasin y Braulio en la presentación del delantero con Osasuna.
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Dubasin: “Osasunara etortzeko zalantzarik ez nuen"

Jonathan Dubasin pozik dago Osasunak eman dion aukerarekin. Esan du Ramisek lana eta ahalegina eskatu dizkiola, eta hori "negoziaezina" dela berarentzat. Katalanak dio balio anitzeko jokalaria dela erasoan, hainbat posiziotan jokatzeko gai dena, baina argi du zein den egokiena berarentzat. Bestalde, Braulio Vazquez kirol zuzendariak eskerrak eman dizkio Dubasini Osasunan jokatzeko erakutsi dituen gogoengatik. Taldeak denboraldi honetarako dituen helburuak ere zehaztu ditu, baita taldea ixteko indartzen saiatuko den posizioak ere. (Bideoa, gazteleraz).

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X