Osasunak galdu egin du Bernabeura egindako bisitan (2-0)

Osasuna esku-hutsik bueltatuko da Iruñera, 2-0 galdu baitu Real Madrilen aurka, Vinicius eta Rodrygo brasildar gazteen golak direla medio. Hartara, Madrilgo taldea da orain Ligako lider berria, 14 punturekin.
Gorritxoak beldur gabe eta lehiakor zelairatu dira Bernabeun, baina kamuts erasoari begira. Aurrean, ordea, aparteko gauzarik egin gabe aurkariaren atean arriskua sortzeko gaitasun handia duen talde bat izan du.
Hala iritsi da lehen gola, lehen ordu erdia igarota. Viniciusek arearen ertzetik egin du saiakera. Horren jaurtiketak Raul Navasen hanka jo du, baloiak parabola egin, eta Ruben atezainaren ahalegina ezerezean utzi du.
Bigarren zatia itxura berarekin zihoala ohartuta, Jagoba Arrasatek bi aurrelariak aldatu ditu, eta Roberto Torresen kalitatea sartu du berdegunean.
Aitzitik, nafarrek ez dute betarik izan aldaketei zukurik ateratzeko, Rodrygok berehala egin baitu etxekoen bigarren gola, Zinedine Zidane Madrilgo entrenatzaileak jokatzen jarri eta segidan (72. minutua).
Hortik aurrera, eta partidaren amaierara arte, Osasunak besoak jaitsi ditu, eta norgehiagokak ez du nabarmentzekorik izan. Ondorioz, jardunaldi hasieran zituen zazpi puntuekin geratu dira gorritxoak.
Fitxa teknikoa:
2 - Real Madril: Areola, Odriozola, Militao, Sergio Ramos, Nacho, Casemiro, Valverde (James, 82. min), Kroos, Lucas Vazquez, Vinicius (Rodrygo, 71. min) eta Jovic.
0 - Osasuna: Ruben, Lillo, Raul Navas, Roncaglia, Estupiñan, Moncayola, Fran Merida, Rober Ibañez (Roberto Torres, 71. min), Ruben Garcia, Brandon (Chimy Avila, 66. min) eta Cardona (Juan Villar, 66. min).
Golak: 1-0, 36. min: Vinicius. 2-0, 72. min: Rodrygo.
Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horiak: Militao eta Nacho (Real Madril); Lillo eta Avila (Osasuna).
Zure interesekoa izan daiteke
Jagoba Arrasate: “Aurkaria errespetatu dugu eta seriotasuna eman diogu, oro har, partidarekin gustura”
Osasunak erabateko nagusitasunez kanporatu du Atletico Calatayud (0-6)
Jagoba Arrasate: “Aurkaria errespetatu egin behar da, ondo prestatu eta ustezko nagusitasuna zelaian erakutsi”