Adela Ricoren golak Erregina Kopako final zortzirenetara eraman du Eibar, Levanteren aurka (0-1)
Talde armagineko erdilariak, 65. minutuan, txapelketako hirugarren kanporaketako partidan erabakigarria izan den gola sartu du, Buñolen. Horrenbestez, Eibar hurrengo kanporaketako zozketan izango da, azaroaren 26an.
Eibar final zortzirenetako zozketan izango da, azaroaren 26an. Argazkia: SD Eibar.
Eibar 2026-2027 denboraldiko Erregina Kopako final zortzirenetarako sailkatu da, asteazkenean, Buñolen. Iñaki Goikoetxearen taldeak, hurrengo kanporaketarako txartela eskuratzeko, Levante garaitu behar izan du, txapelketako hirugarren kanporaketan, 0-1; Adela Ricok sartu du neurketako gol bakarra, 65. minutuan.
Erregina Kopako erabateko partida izan da. Tentsio handia izan da zelaian, kontuan izanik jokoan asko zegoela; Eibarrek indarra erakutsi du, eta, azken minutuetan, gogor aritu da atzealdean, emaitzari eutsi nahirik, Levantek ez baitu amore eman. Testuinguru horretan, lehen zatian oso parean ibili dira bi taldeak, eta lehia bizia izan da zelai erdian; bigarren zatian, aldiz, Eibarrek aurrerapausoa eman du, eta argiago iritsi da Anna Alvarez Levanteko atezainaren areara; bigarren zati horretako hogeigarren minutuan, Adela Ricok kanporaketan guztiz erabakigarria izan den gola egin du.
Norgehiagokako azken txanpan, Levantek estutu egin du Eibar, baina Laura Martik eta Eibarko atzealdean ibili diren gainerako jokalariek Valentziako taldearen gola saihestu ahal izan dute, eta, hala, Eibar final zortzirenetako zozketan izango da, datorren ostegunean, hilaren 26an.