Gironak Eibarren bolada txarra luzatu du (2-1)
Jokin Aranbarriren taldeak irabazi gabeko seigarren partida lotu du, 18 puntutik hiru bakarrik lortuz.
Eibarrek galdu egin du Gironaren aurka (2-1) igande honetan, Hypermotion Ligako 15. jardunaldiko goiko postuengatiko lehia zuzenean, eta bolada txarra luzatu du. Jokin Aranbarriren taldeak seigarren partida lotu du irabazi gabe, 18 puntutik hiru bakarrik lortuta.
Gironak gola sartzeko aukera izan du bost minutura Jonmi Magunagoitiaren akats larri baten ondorioz. Ez du ondo asmatu eta baloia area barruan geratu da hilda, atezainik gabe, baina Markel Arana Pyshchur baino lehenago iritsi da desbideratzera. Armaginek Martonen jaurtiketa desbideratu batekin erantzun dute, goleko ekintza garbi batean.
Talde katalanak golaren saria aurkitu du 36. minutuan. Asprillak baloi bikaina jarri du area barrura, Pyshchurrek Magunagoitiaren irteera etsitua salbatu du kapela batekin eta Vanatek area txikitik baloia sartu du 1-0ekoa jartzeko.
Handik gutxira berdindu du Eibarrek, penalti batekin, Mate Moreyk Magunazelaiari emandako bultzadagatik. Madak zigorrik handiena sartu du Gazzaniga engainatuz.
Bigarren zatia hasi eta gutxira, Unai Hernandezek 2-1ekoa lortu du. Vanatek bigarren zutoinera erdiratu du eta Hernandezek hutsune bat aurkitu du Alvaro Rodriguezen bizkarrean gola sartzeko.
Eibar berdinketa bilatzen saiatu da, baina azken ordu erdian Magunazelaia eta Jon Guruzetaren abagune bikoitzarekin bakarrik urduritu du aurkaria.