Athleticek, bajaz josita, play-offetarako borrokan jarraitu nahi du Bergamon
Lehoiek historian jokatutako 13 partidatan bigarren garaipena lortzen saiatuko dira Italian, jokalari ugari min hartu dituztela, bederatzi, hain justu. Horien artean Laporte, Williams anaiak, Berenguer eta Yuri, guztiak lesionatuta.
Athletic, Txapeldunen Ligan, PSGren aurkako neurketan, San Mamesen. Artxiboko argazkia: EFE
Athleticek Atalantari egingo dio bisita, Bergamon, jokalari asko min hartuta dituela, baina Txapeldunen Ligako play-offetarako lehian eutsiko dion garaipena lortzeko prest.
Zuri-gorriek Bergamora joateko Vueling konpainiak prestatutako hegazkin pertsonalizatu berrian egin dute lehen hegaldi ofiziala. Abiatu aurretik, jokalariek argazkia atera dute Airbus A320 hegazkinaren aurrean, konpainiak jakitera eman duenez.
Athletic historian Italian jokatu izan dituen 13 partidatan bigarren garaipena lortzen saiatuko da, baina min hartutako jokalari ugari barik, zehazki, bederatzi dabiltza jokatu ezinik. Horien artean Aymeric Laporte, Iñaki eta Nico Williams anaiak, Alex Berenguer eta Yuri Berchiche lesionatuta daude, eta Ernesto Valverdek ezin izango ditu zelairatu.
Horiei gehitu behar zaizkie iraupen luzeko lesionatuak Maroan Sannadi, Beñat Prados, Unai Egiluz, eta zigortuta dagoen Yeray Alvarez.
Bada, horiek guztiak gabe, Athletic, Ligan azken 12 puntuetatik bakarra bildu ondoren, garaipena lortzen saiatuko da, Txapeldunen Ligan jarraituko duten 24 taldeen artean sartzeko asmoz.
Atalanta, aldiz, sasoi onean iritsiko da partidara. Raffaele Palladino italiarrari esker denboraldi hasierako zalantzak uxatuta, Atalantak azken hamabi partidetatik bi soilik galdu ditu. Are gehiago, entrenatzaile berria heldu zenetik, hiru aldiz galdu du eta behin berdindu du, azken jardunaldian Pisaren aurka.
Ez da Gasperinik duela urte batzuk eraiki zuen talde beldurgarri hura, baina Atalanta hau bertsio ona da.
Zazpigarren postuan dago jada Italiako Serie An, Europarako sailkatzeko asmoarekin, eta Txapeldunen Ligan bosgarren postuan, Milango Interren gainetik.
Neurketa bakarra galdu du Europako txapelketan, lehen jardunaldian PSG txapeldunaren kontra, hain zuzen ere. Ondoren, Brujasi irabazi dio, Slavia Pragarekin berdindu du, eta Olympique Marseilla, Eintracht Frankfurt eta Chelsea menderatu ditu.
- Balizko hamaikakoak:
Atalanta: Carnesecchi; Kossounou, Hien edo Djimsiti, Ahanor; Zappacosta, Roon, Ederson, Bernasconi edo Zalewskirena; De Ketelaere, Pasalic; eta Scamacca.
Athletic: Unai Simon: Gorosabel, Vivian, Paredes, Adama; Jauregizar, Rego; Robert Navarro, Sancet, Unai Gomez; eta Guruzeta.
Epailea: Danny Makkelie (Herbehereak).
Ordua: 21:00.
Zelaia: Bergamoko New Balance Arena (Italiako iparraldea).