Nico Williams eta Mikel Vesga ez dira Gironaren aurkako partidan izango
Nico Williams eta Mikel Vesga min hartuta daude, eta, ondorioz, igandean, 14:00etan, ez dira Montilivin izango, Gironaren aurka lehiatzeko.
Athleticek gaur jakinarazi duenez, Vesgak "gainkarga dauka eskuin hankako muskulatura iskiosuralean", eta Williamsek "kolpea du ezkerreko errain-hezur iliako aldean". Bi jokalariak bilakaeraren zain daude; beraz, ikusteko dago astelehenean Williams Espainiako selekzioarekin joateko moduan egongo den ala ez.
Bestalde, Erromaren kontrako norgehiagokan lesionatu zen Beñat Prados sendatu egin da, eta Ernesto Valverderen esanetara egongo da Gironan. Halaber, Oier Gastesi atezain gaztea deialdian sartu da, Julen Agirrezabalaren ordez. Atezain donostiarra zigortuta dago, aurreko jardunaldian txartel gorria atera baitzion epaileak.