Athleticek arnasa hartu du Getaferi irabazita, eta Imgak eta Txus Vizcayk debuta egin dute
Vivian eta Prados ere lehen aldiz aritu dira denboraldi honetan. Terzicen jokalariak Bordalasenak baino gehiago izan dira, eta urrezko hiru puntu lortu dituzte Berenguerrek, Iñaki Williamsek, Paredesek eta Yurik egindako golei esker.
Berenguerrek egin du zuri-gorrien lehen gola. Argazkia: EFE.
Athletic 4-0 nagusitu zaio Getaferi San Mamesen, EA Sports Ligako 10. jardunaldiko partidan.
Levanteren aurkako partidarekin alderatuta, hasierako hamaikakoan aldaketak egin ditu Terzicek. Nico eta Iñaki Williams sartu ditu, eta, denboraldi honetan lehen aldiz, Vivian zelairatu du, denboraldi hasieratik lesionatuta egon ostean. Vivianek Laporteren lekua bete du, hura zigortuta baitago. Atzelarien aurretik, Galarreta eta Canales aritu dira.
Zuri-gorriek ondo hasi dute partida, erasoan, eta behin eta berriro gerturatu dira Soriaren atera.
10. minutuan, Nico areaz kanpotik saiatu da, jaurtiketa ederra eginda, eta baloia gutxigatik joan zaio kanpora, Getaferen eskuinaldetik. Terzicen taldea behin eta berriro sartu da Nicoren hegaletik.
17. minutuan, Berenguerrek falta bat atera du ezkerraldetik, eta baloia zuzenean sartu da Getaferen atean. 1-0 Athleticen alde. Golegileak Guruzetaren kamiseta erakutsi du gola ospatzeko, lesio baten ondorioz denboraldi osoa galduko duen aurrelari donostiarrari babesa emateko.
Ondoren, Galarretak zelaia utzi behar izan du, min hartuta, eta Terzicek Gerenabarrena sartu du haren ordez.
34. minutuan, bigarrena egin du Athleticek. Kontraeraso azker batean, Iñaki Williamsek gola egin du, markagailuan 2-0ekoa jartzeko.
Emaitza horrekin iritsi dira bi taldeak atsedenaldira. Etxekoak oso nagusi izan dira lehen zatian, eta nagusitasun hori markagailuan islatu dute.
Bigarrenean, Getafek aurrerapausoa eman du, baina Bordalasen taldeak arazo handiak izan ditu baloiaren jabetzari eusteko.
Erritmoa nabarmen jaitsi da lehen zatikoarekin alderatuta, eta joko nahasiagoa izan da, etenaldi gehiagorekin, Getaferi gustatu ohi zaion moduan.
67. minutuan, Terzicek Rego eta Imga zelairatu ditu, Maroan eta Nicoren ordez. Imgak 17 urterekin egin du debuta lehen mailan.
Handik hiru minutura, zuri-gorriek hirugarrena egin dute, korner batean, Paredesek baloia buruarekin errematatuta.
Hirugarren golak min handia egin dio Getaferi. Azken minutuetan, Beñat Prados eta Txus Vizcay gaztea zelairatu ditu Terzicek, Canales eta Iñaki Williamsen ordez.
86.ean, epaileak txartel gorria atera dio Mario Martin Getafeko jokalariari Gerenabarrenari egindako sarrera bategatik.
Bukatzeko, 88. minutuan, Yurik laugarrena egin du areaz kanpotik egindako jaurtiketa indartsu batekin, markagailuan 4-0ekoa jartzeko. Athletic oso nagusi izan da gaur San Mamesen.