EA Sports Liga
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bi minutu txar lehen zatian eta Laportek txartel gorria ikustea nahikoa izan dira Athletic aukerarik gabe uzteko Ciutat de Valencian (3-1)

Bruguek aurretik jarri du Levante 19. minutuan, eta 21.ean bigarrena egin du, norgehiagoka aldapa gora jarriz. Bigarren zatian, Berenguerrek aldeak murriztu ditu penaltiz, baina Etta Eyongek hirugarren golarekin talde valentziarraren garaipena berretsi du.

VALENCIA, 21/10/2026.- El delantero del Levante Roger Brugué (i) celebra su primer gol durante el partido de LaLiga entre el Levante y el Athletic que se disputa este miércoles en el estadio Ciutat de Valencia. EFE/ Kai Forsterling
Maroan, serio, Levanteren goletako baten ondoren. Argazkia: EFE

Athleticek 3-1eko emaitzarekin galdu du Levanteren aurka, LaLiga EA Sportseko seigarren jardunaldiko euriteengatik atzeratutako partidan. Brugueren bi golek bi minutu eskasetan lehen zatian eta Laporte egozteak bigarrenean talde zuri-gorria zigortu dute Ciutat de Valencian. 

Neurketaren laburpena

Lehen zatia

Talde zuri-gorriak partidari hasiera ona eman dio. Hugo Rinconek eta Berenguerrek bilbotarrak markagailuan aurretik jartzeko abaguneak izan dituzte. Barañaindarrak jaurtiketa bikaina egin du areaz kanpo, baina Ryanek geldiketa aparta egin du.

Ondoren, Johanekok, buruz, eta Robert Navarrok, jaurtiketa kaskar batekin, zertxobait estutu dute atezain australiarra. Baina Tercizen jokalariek neurketa hasiera onargarria egin ostean, Athleticek bi minututan dena zakarrontzira bota du.

19. minutuan, Levantek aurrea hartu du markagailuan, zuri-gorrien area barruan izandako nahasmena aprobetxatuta. Lehoiak defentsan kamuts aritu dira jokaldi horretan, eta errebote batzuen ondoren, Bruguek Simon jaurtiketa gogor batekin gainditzeko moduko baloia aurkitu du.

Jarraian, 21. minutuan, Jauregizarrek baloi irteeran egindako akats handia baliatu du Valentziako taldeak kontraerasoa bideratzeko. Atzealde zuri-gorria, berriz ere, oso bigun egon da, erasotzaileei jaurtiketa egiten utziz. Lehen jaurtiketa Unai Simonek aldaratu du, baina Bruguek baloia harrapatu du berriro bigarrena egiteko. Kataluniarra Athleticeko atzelariak baino askoz zuhurrago eta azkarragoa izan da.

Elkarren segidako bi takatekoen ondoren, lehoien jokoa eraginkortasunik gabea bihurtu da, eta, beraz, ia ez dute arriskurik sortu atsedenaldiaren aurretik.

Bigarren zatia

Aldageletatik bueltan, Terzicek aulkia mugitu du Peio Canales eta Iñaki Williams zelairatzeko, Johaneko eta Jauregizarren ordez.

Hugo Rinconek, erasoan oso eraginkor partida osoan zehar, hegaletik barnekaldia egin du eta baloi ona jarri dio Maroani, baina haren burukada oso gora joan da. Handik gutxira, Levantek kontraeraso ona egin du, baina ez du asmatu azken metroetan.

60. minutuan, Maroan area barruan erori da Olasagastiri aurrea hartuta. VARak jokaldia berrikusteko dei egin dio epaileari, eta bost minutu geroago Athleticen aldeko penaltia adierazi du. Berenguerrek ez du hamaika metroak barkatu eta aldea murriztu du.

Txartel gorria, Laporteri

Hala ere, markagailua iraultzeko saiakera minutu batzuk geroago zapuztu da, Laportek txartel gorria ikusi baitu 72. minutuan. Erdiko atzelariak Levanteren eraso arriskutsu bat faltan geldiarazi duela ebatzi du epaileak, eta azken jokalaria zenez, egotzi du. Athleticek erasora jo du jokalari bat gutxiagorekin, baina Etta Eyongek Levanteren hirugarren eta azken gola egiteko aprobetxatu du, neurketa erabakita utziz.

Publizitatea
X
Publizitatea
X