Athleticek Rubi menderatu du (1-2), Adu Aresek bi gol sartuta, eta Kopako bigarren kanporaketarako sailkatu da
Athletic 2023-24 denboraldiko Errege Kopako bigarren kanporaketarako sailkatu da asteazkenean, Rubi 1-2 Can Roses zelaian menderatuta. Adu Aresek, 51. eta 58. minutuetan, talde zuri-gorriaren bi golak egin ditu, eta Marc Rodriguezek sartu du Kataluniako taldearena, 86.ean. Athleticek ez du arazo handirik izan kanporaketa kontrolatzeko, partidako azken minutuetara arte; horietan, etxekoek Valverderen gizonak estutu dituzte.
Ernesto Valverdek hainbat jokalari berri sartu ditu hasierako hamaikakoan. Espero bezala, Julen Agirrezabalak Unai Simonen lekua hartu du, atepean; atzealdean, Beñat Prados aritu da eskuinaldetik, Unai Egiluz (debuta egin du) eta Peru Nolaskoain ibili dira erdiko atzelari, eta Lekue ezkerretan. Zelai erdian, Vesga eta Unai Gomez izan dira, eta Adu Ares, Alex Berenguer eta Iker Muniain irten dira horien aurretik, Raul Garcia aurrelari gisa zegoela. Futbolari oso gazte batzuk, EA Sports Ligan ohikoak ez diren beste batzuekin batera; hori bai, jokalari batzuek, Berenguerrek, Vesgak eta Muniainek kasu, joko erritmo handiagoa zuten.
Lehendabiziko zatian, Athleticen asmoa izan da jokoari abiadura eman eta aurkariaren atzealdea zabalatzea, baina gutxitan erdietsi du hori, eta ez da golik izan aurreneko 45 minutuetan. Kanporaketa hasi eta berehala, Berenguerrek eta Raul Garciak aukera oso argi bana izan dituzte; Barañaingo erdilariak falta bat atera du, ateko angelura, eta, alderatzearen ostean, Zizur Nagusiko aurrelariak burukada ona egin du; Rubiko atezainak, Rafa Levak, baina, erantzun bikaina eman du bi erremateetan.
Kataluniako taldeko atezaina 23. minutuan ere ibili da oso fin. Orduan, Adu Aresek, jokaldi trebea eginda, area barrutik jaurti du. Atsedenaldira arte, Athleticek jokoa kontrolatu du, baina Rubik ondo babestu du bere atea, ordenatuta, sendo. Beraz, atsedenaldian, dena zegoen erabaki gabe.
Bigarren zatian emozio handiagoa izan da, joko biziagoa ere bai, eta bi taldeek gehiago asmatu dute erasoan. Athletic 0-2 jarri da aurretik, Adu Aresek bi gol ia jarraian sartuta. Bilbotarrak 51. eta 58. minutuetan asmatu du, eta klub zuri-gorriaren lehen taldearekin lortzen dituen aurreneko bi golak sinatu ditu; lehenengoan, gogor jaurti du, eskuinez, eta bigarrena burukada polit baten bidez erdietsi du. Euskal taldeak alde zuen kanporaketa, eta ez zuen ematen arazorik izango zuenik, azken minutuetan, sailkatzea bermatzeko.
Marc Rodriguez Rubiko jokalariak, baina, 1-2koa egin du, buruz, eta hortik amaierara bitartean Athleticek gaizki pasatu du Bartzelonako futbol zelaian. Nolanahi ere, zuri-gorriek helburua gauzatu dute, eta astearteko zozketan izango dira.
Fitxa teknikoa:
1 - UE Rubí: Rafa Leva; Aitor Torres, Ruiz, Oriol Tenorio, Pérez Picón (Monso, 63. min), Morell (Sergio Mulero, 82. min); Adrià Recort, Masip, Pau Jimenez (Abde, 73. min); Muñi (Cristian Mulero, 73. min), Dani Muela (Rodriguez, 63. min).
2 - Athletic: Agirrezabala; Beñat Prados, Peru Nolaskoain, Eguiluz (Vivian, 72. min), Iñigo Lekue; Unai Gómez (Ruiz de Galarreta, 68. min), Iker Muniain, Mikel Vesga (Dani García, 68. min); Adu Ares, Raúl García, Álex Berenguer.
Golak: 0-1: Adu Ares (50. min). 0-2: Adu Ares (57. min). 1-2: Marc Rodríguez (86. min).
Epailea: César Soto Grado. Txartel horia atera die Rubi taldeko Perez Picón, Oscar Morell, Sergi Monsó eta Sergio Mulero jokalariei.
Zure interesekoa izan daiteke
Gorka Guruzetak lesio moderatua du eskuin belauneko iskiotibialean
Athleticeko aurrelaria, horrenbestez, ziurrenik baja izango da larunbatean, Bilboko taldeak San Mamesen Elxen aurka jokatuko duen partidan, eta ez dago argi datorren asteko bi partidetan jokatzeko moduan izango den, hau da, Levanteren eta Alavesen kontra.
Johaneko, Athleticeko jokalaria: “Oso harro nago. Lanean jarraitu behar da minutuak izateko”
Louis-Jean Johanekok debuta egin du denboraldi honetan lehen taldearekin, eta bere sentipenak partekatu ditu prentsaurrekoan.
Athleticek hamarrekin irabazi du Logroñon (0-1)
Athletic Clubek bigarren garaipena jarraian lortu du F Moeve Ligan igande honetan Logroñori etxetik kanpo irabazita, Maddi Torreren gol bati esker eta 15. minututik bat gutxiagorekin jokatu arren. (Bideoa gazteleraz).
Oihan Sancet: “Partida ikaragarria egin dugu"
Athleticek 3-0 irabazi dio Atletico Madril taldeari San Mamesen, EA Sports Ligako 4. jardunaldiko partidan. Nico Williams, Robert Navarro eta Oihan Sancet izan dira golegileak.
Athleticek garaipen handia lortu du San Mamesen, Atletico menderatuta (3-0)
Athleticen lehen bi golak bigarren zatiaren hasieran iritsi dira, bata bestearen atzetik izandako bi jokalditan; Nico Williams eta Robert Navarro izan dira golegileak. Hirugarrena, berriz, Oihan Sancetek sartu du, neurketaren azken txanpan.
Terzic: “Ez dago talde garaiezinik, eta, are gutxiago, etxean jokatzen badugu”
Athleticek Atletico Madril hartuko du larunbatean San Mamesen. Edin Terzicek adierazi du badakiela aurkariak maila handia duela, baina esan du Bilboko taldea prest dagoela onenei aurre egiteko.
Adama Boiro West Ham United taldean arituko da, Athleticek utzita
Ezker hegaleko atzelaria 2026-2027 denboraldian ibiliko da Londresko klubean; hori bai, taldek jokalaria erosteko aukera izango du. West Ham United Championshipen dabil lehian, alegia, Ingalaterrako bigarren mailan.
Unai Vencedorrek Athleticekin zuen kontratua eten eta Burgosen jokatuko du
Errekaldeko erdilariak amaiera eman dio Athleticeko etapari, 82 partida ofizial jokatuta eta Superkopa bat irabazita.
Andoni Gorosabelek Espanyolen jokatuko du, Athleticek utzita
Eskuin hegaleko atzelari arrasatearra 2026-2027 denboraldian arituko da Kataluniako klubean; gainera, Espanyolek helburuei lotutako nahitaezko erosketa-aukera du.
Iñaki Williamsek eta Unai Simonek klubarekin duten arazoaz hitz egin dute
Iñaki Williams eta Unai Simon Athletic Clubeko jokalariek jokalarien eta klubaren arteko egungo egoeraz hitz egin dute, eta atsekabea "jokalariena bakarrik ez" dela eta "elkarrizketa bat egiteke" dutela azpimarratu dute.