Athleticek puntu bat lortu du Valentziaren kontra (2-2), Berenguerrek 97. minutuan sartutako golari esker
Athleticek 2-2 egin du Valentziaren aurka igande honetan, urriak 29, San Mamesen jokatutako EA Sports Ligako 11. jardunaldiko partida. Emaitza horrekin, zuri-gorriek 18 puntu pilatu dituzte, eta sailkapeneko seigarren postuari eutsi diote.
Valentziak ondo ekin dio neurketari: laugarren minutuan lehen abisua eman du, baina Hugo Duroren errematea kanpora joan da. Gainera, bederatzi minutu geroago, De Marcosek atepetik atera du baloia, Amallahren jaurtiketaren ostean.
Etxeko taldeak asko sufritu du lehen minutuetan, baina neurketari emandako hasiera kaskarra iraultzea lortu du. Pixkanaka, Athletic aurkarien atera hurbildu da, eta abagune argia izan du 22. minutuan; Mamardashvilik, ordea, zuri-gorrien gola saihestu du, Iñaki Williamsen jaurtiketa desbideratuta. Bost minutu geroago, Iñaki bakarrik geratu da Mamardashviliren aurrean, eta jokaldi horretan ere atezaina izan da nagusi aurrelariarekin izandako buruz burukoan. Ia jarraian, Sanceten jaurtiketak ez du Valentziak babestutako atea topatu.
Ekinean ibili da Athletic, eta, azkenean, saria jaso du; De Marcosek gola sartu du (1-0) 32. minutuan, Nico Williamsen pasea jaso eta jaurtiketa gurutzatuarekin Mamardashvili gaindituta.
Norgehiagokako lehen golaren ostean, Valentzia izan da nagusi. Atsedenaldira iritsi aurretik, Unai Simon izan da protagonista: Athleticeko atezainak Hugo Duroren jaurtiketa desbideratu du 38. minutuan, eta, 39.ean, Valentziaren gola saihestu du, Amallahren erremateari erantzun bikaina emanda.
Bigarren zatiaren hasieran, nagusi izan da Athletic. Zuri-gorriak bigarren gola sartzetik gertu egon dira 60. minutuan, baina Dani Garciaren boleak langa jo du eta ez da Mamardashvilik babestutako atean sartu.
Bilboko taldeak ez du baliatu bigarren zatiko lehen abagunea; Valentziak, ordea, bai. Hala, 62. minutuan, Fran Perezek banakoa (1-1) jarri du markagailuan, Hugo Duroren pasea jaso eta area barrutik egindako jaurtiketarekin Unai Simon gaindituta.
Golak hauspotu egin ditu bisitariak. Athletic urduri jarri da, eta erraztasunak eman dizkio aurkariari. Partidako 68. minutuan, Unai Simon bikain ibili da Javi Guerrerarekin izandako buruz burukoan nagusituta. Minutu bat geroago, aldiz, ezin izan du Valentziaren gola eragotzi: Fran Perezek jokaldi bikaina egin du hegaletik, area barruan sartu da, pasea eman du eta Hugo Durok gola sartu du (1-2), orpoz errematea eginda.
Kolpe latza jaso du Athleticek Valentziaren bigarren golarekin. Valverdek zuzendutako taldeari kosta egin zaio suspertzea, baina hurbil izan du berdinketa 82. minutuan; Mamardashvilik, ordea, erantzun ona eman dio Iñaki Williamsen erremateari.
Azken txanpan, erasora jo du etxeko taldeak. Valentzia sendo ibili da defentsako lanean, baina luzapeneko azken-aurreko minutuan, 97.ean, Berenguerrek binakoa (2-2) markagailuratu du, Iñaki Williamsen erdiraketa errematatu eta aurkariaren atea zulatuta.
Zuri-gorriek bigarren gola egin eta gero, ez da gehiagorako astirik izan. Horrela, neurketa berdinduta amaitu da (2-2).
Fitxa teknikoa:
2 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes (Prados, 65. min), Imanol; Dani Garcia (Vesga, 65. min), Galarreta; Iñaki Williams, Sancet (Muniain, 74. min), Nico Williams (Berenguer, 69. min); Guruzeta (Villalibre, 69. min).
2 - Valentzia: Mamardashvili; Correia, Paulista, Mosquera, Gaya; Pepelu, Javi Guerra; Fran Perez (Foulquier, 74. min), Diego López (Guillamon, 74. min), Selim Amallah (Sergi Canos, 59. min); Hugo Duro (Yaremchuk, 78. min).
Golak: 1-0. 32. min: De Marcos. 1-1, 62. min: Fran Perez. 1-2, 69. min: Hugo Duro. 2-2, 96. min: Berenguer.
Epailea: Jorge Figueroa Vazquez. TXartel horiak atera dizkie Paredes (12. min), Dani Garcia (55. min) eta Berenguer (87. min) Athleticeko jokalariei. Txartel horia ikusi du Amallah (57. min) Valentziako jokalariak ere.
Zure interesekoa izan daiteke
Leire Bañosek eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi du
Irungo erdilariak min hartu zuen iragan larunbatean Luancon, Deportivo Abancaren aurka, denboraldiaurreko lehen norgehiagokan. Berdegunea utzi behar izan zuen neurketa hasi eta bi minutu eskasera.
Mikel Vesgak Athletic utzi eta Almerian jokatuko du datozen hiru denboraldietan
Gasteiztar erdilariak 9 denboraldi eman ditu Bizkaiko klubean, eta Lehen Mailara itzultzeko helburua duen Andaluziako taldean arituko da hemendik aurrera.
Athleticek Burgos gainditu du (0-3)
Athleticek sendo irabazi dio Burgosi Plantion, denboraldiaurreko seigarren partidan. Aresok arratsaldeko lehena egin du hasi eta gutxira. Robert Navarrok bigarrena egin du, eta Iñaki Williamsek hirugarrena azken txanpan. Formatu berezia izan du, ordu erdiko lau denbora jokatu baitira.
Peio Canales: “Orain beste jokalari bat bueltatzen da Athleticera”
Peio Canalesek onartzen du urte bikaina eman duela Racingen utzita, eta bertan asko hazi dela. Athleticen garrantzitsua izan nahi du Terzicen aginduetara, berarekin zelaian egin behar duenaren inguruan hainbat elkarrizketa izan baititu. Taldearen helburua oso argia da: goiko postuetan egotea.
Elene Guturbayk 2029ra arte berritu du kontratua Athleticekin
Deustuko erdilariak hiru denboraldiz luzatu du klubarekin duen lotura. Duela gutxi 19 urtez azpiko Europako txapelketa irabazi zuen.
Athleticek Racing hartu du mendean, Laredon, denboraldiaurreko bosgarren neurketan (0-3)
Gorka Guruzetak Athletic aurreratu du markagailuan, lehen zatian. Atsedenaldiaren ostean, Oihan Sancetek egin du zuri-gorrien bigarren gola, eta hirugarrena Johanekok sartu du azken minutuetan. Horrela, Edin Terzicen taldeak porrotik gabe jarraitzen du denboraldiaurrean.
Athleticek bere munduko hiru txapeldunak eta De la Fuente omenduko ditu
Espainiako selekzioko hiru jokalari zuri-gorriek parte-hartze garrantzitsua izan zuten Munduko Kopako finalean, eta horiei Luis de la Fuente hautatzailea gehitu behar zaie, Athleticeko jokalari gisa aritutakoa.
Athleticek Sestao River hartu du mendean, denboraldiaurreko hirugarren neurketan (0-2)
4.000 bat zalek harmailak bete dituzte. Edin Terzicen taldeak garaipena lortu du Gorka Guruzetaren eta Oihan Sanceten golei esker. Zuri-gorriek hurrengo partida larunbatean jokatuko dute, Zamudion, Eibarren kontra.
Athleticek gol festaz gozatu du Leioan (0-11)
Athleticek 0-11 irabazi du Leioaren aurka larunbat honetan Jose Ignazio Azkueta zelaian jokatutako lagunartekoa. Golegileak Guruzeta (3), Djalo (2), Navarro (2), Berenguer eta Hierro (2) izan dira. Gainera, etxekoen defentsak gol bat sartu du bere atean. Ikusi hemen partidako gol guztiak.
Vivian eta Maroan Athleticen denboraldiaurreko baja zerrendan sartu dira
Atzelariak “lesioa du eskuin hankako aduktore luzean", eta aurrelariak, berriz, "lesioa du ezker belauneko artikulazio tibioperoneoan", klubak jakinarazi duenez.