Athleticek Garazi Facila defentsa nafarra fitxatu du, 2026ra arte
Athleticek Garazi Facila nafarraren fitxaketa iragarri du, 2026ko ekainaren 30era arte. 23 urteko atzelaria Alavesetik dator eta azken egunetan bilbotarrek egindako laugarren fitxaketa da.
Jokalari zuri-gorri berria aske dator Athleticera eta Lodosa, Pradejon eta Mariño taldeetan hazitakoa da, Osasunarekin sinatu aurretik. Lehen Mailara Alavesekin igo zen, 2021. urtean.
"Oso pozik nago talde handi honetara etortzeagatik. Athleticen gauzak oso ondo egiten dituzte eta aldaketei jokalari gazteekin aurre egiten jakin dute. Entrenatzailearen konfiantza irabazi nahi dut ahalik eta gehien jokatu ahal izateko", esan du jokalariak Athleticek zabaldutako adierazpenetan.
Itxaso Uriarteren berritzea
Facilaren fitxaketaz gain, Itxaso Uriartek bere kontratua urtebete luzatu duela iragarri du talde bilbotarrak.