Athleticek luzapenean menderatu du Bartzelona, eta Errege Kopako final-laurdenak jokatuko ditu
Athleticek Errege Kopako final-laurdenetarako txartela lortu du ostegun honetan Bartzelona 3-2 menderatuta San Mamesen jokatu den final-zortzirenetako partidan.
Ondo hasi da neurketa Athleticentzat, 2. minutuan Muniainek gola sartu baitu (1-0); Nico Williamsek ezker hegaletik pasea eman, Oihan Sancet ez da errematea egitera iritsi, Muniainek jaso du baloia, eta jaurtiketa loratu batekin gainditu du Ter Stegen atezaina.
Lehen gola sartu ostean, talde zuri-gorriak erasora jo du, eta gertu izan du bigarren gola, baina Nico Williamsek ezin izan du errematea ondo egin Yuriren pasea jaso ostean. Lehen ordu laurden ona egin du Athleticek. Hala ere, 20. minutuan, Bartzelonak neurketa berdintzea lortu du partidan izan duen lehen abagunean. Ferran Torresek area kanpotik jaurti eta banakoa jarri du markagailuan (1-1).
Barçak gola sartu ostean, 25. minutuan, Athleticek abagune argia izan du, baina De Marcosek zerura bidali du jaurtiketa, Raul Garciak pase ezin hobea eman dion arren. Bi minutu geroago, Nico Williamsek atzean utzi du Jordi Alba, erdiraketa egin du eta Muniainek buruz egindako errematea kanpora joan da oso gutxigatik. Ekinean jarraitu du talde zuri-gorriak, eta, 32. minutuan, Ter Stegenek eragotzi du Athleticen gola, Nico Williamsen jaurtiketa gurutzatua desbideratuta.
Atsedenaldira iritsi aurretik, beste bi abagune garbi izan ditu Bilboko taldeak: batean, Piquek oztopatu du Sancetek area barrutik egindako jaurtiketa indartsua; bestean, korner baten irteeran, Dani Garciak buruz egindako errematea atepetik atera du Ter Stegen atezainak, Raul Garciak ukitu ostean.
Bigarren zatiaren hasieran, 48. minutuan, Sancetek min hartu du belaunean, erasoko jokaldi batean, eta ezin izan du jarraitu; Iñaki Williamsek ordezkatu du. Albiste txarra jaso duen arren, Athleticek erasokor jokatzen jarraitu du. Williams anaien artean egindako jokaldi batean iritsi da zuri-gorriek bigarren zatian izan duten lehen abagunea, baina azken errematea Ter Stegenek gelditu du. Ondoren, 62. minutuan, Nicok egin duen erdiraketa Iñakik errematatu du, eta baloia kanpora joan da langaren gainetik.
Bartzelonari kostatu egin zaio talde zuri-gorriaren presioa gainditzea eta abaguneak sortzea. Athleticek kontraerasoen bidez eraman du arriskua aurkariaren ate ingurura. Partidako 83. minutuan, Iñaki Williamsek jokaldi ona egin du eskuin hegaletik, eta jaurtiketa langara bidali du. Bi minutu geroago, Muniainek falta atera du, Berenguerrek errematea egin, Ter Stegenek desbideratu, eta Iñigo Martinezek, atepean, sare barrura bultzatu du baloia (2-1).
Barçak ezer gutxi egin du erasoan, baina Pedrik gola sartu du (2-2) azken minutuan, area barrutik jaurtiketa eginda. Talde bisitariak luzapena behartu du horrela.
Athleticek izan du luzapeneko lehen abagunea, baina Iñaki Williamsen jaurtiketa kanpora joan da, langa urratuta. Barçaren erantzuna 103. minutuan iritsi da, baina Agirrezabalak gelditu egin du Desten jaurtiketa. Luzapeneko lehen zatia amaitzear zenean, Nico Williamsek hegaletik erdiratu, eta Jordi Albak eskuarekin desbideratu du baloia area barruan. Horren aurrean, epaileak zuri-gorrien aldeko penaltia adierazi du, VAR sistema kontsultatu ostean. Muniainek sare barrura bidali du baloia penalti puntutik (3-2).
Luzapeneko bigarren zatian, bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik sortu. Barça erasora jotzen saiatu da, baina Athleticek bikain eutsi dio, eta talde zuri-gorriak lortu du garaipena (3-2).
Fitxa teknikoa:
3 - Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos (Lekue, 106. min), Vivian, Iñigo Martinez, Yuri (Balenziaga, 91. min); Nico Williams (Zarraga, 110. min), Dani Garcia, Vesga (Nolaskoain, 114. min), Muniain; Sancet (Iñaki Williams, 51. min) eta Raul Garcia (Berenguer, 79. min).
2 - Bartzelona: Ter Stegen; Alves, Araujo, Pique, Jordi Alba; Sergio Busquets, Pedri (Braithwaite, 106. min), Gavi (Frenkie de Jong, 60. min); Ferran Torres, Jutgla (Ansu Fati, 60. min; Dest, 95. min) eta Abde (Nico, 46. min).
Golak: 1-0, 2. min: Muniain. 1-1, 20. min: Ferran Torres. 2-1, 86. min: Iñigo Martinez. 2-2, 92. min: Pedri. 3-2, 106. min: Muniain, penaltiz.
Epailea: Jose Luis Munuera Montero. Txartel horia atera die Dani Garcia (30. min), De Marcos (104. min) eta Iñaki Williams (119. min) Athleticeko jokalariei, baita Pique (75. min), Pedri (97. min), De Jong (104. min) eta Jordi Alba (104. min) Bartzelonako futbolariei ere.
Zure interesekoa izan daiteke
Beñat Gerenabarrena, debuta egin ostean: “Txikitatik amestu dudan gauza bat da; pena emaitza ez dela nahi genuena izan”
Erdilari lekeitiarra hasierako hamaikakoan aritu da, Peio Canalesekin batera, 2026-2027 denboraldiko EA Sports Ligan Athleticek jokatu duen lehen partidan. Gerenabarrena ondo ibili da, baina Athleticek 1-3 galdu du Sevillaren aurka, San Mamesen, lehen minutuetatik hamar jokalarirekin jokatu eta gero.
Athleticek porrot mingarria jaso du Sevillaren aurka San Mamesen, Edin Terzicen debutean (1-3)
Osok, Ejukek eta Isaacek sartu dituzte Sevillaren golak, eta Paredesek lortu du etxekoena. Athletic hamar futbolarirekin aritu da hamargarren minututik, Yuriri txartel gorria atera baitiote, eta lehenengo eta hirugarren goletan huts egin du. Gerenabarrena hasierako hamaikakoan izan da, eta aurreneko aldiz jokatu du talde zuri-gorriarekin, baita Rinconek ere.
Edin Terzic: “Uste dut prest gaudela, entrenamenduetan eta lagunartekoetan erakutsi dugu”
Athleticek bihar hasiko du denboraldia Sevillaren aurka San Mamesen (17:00etan). Edin Terzic enrenatzeileak Nico Williams minik gabe ari dela entrenatzen esan du, baina Vivian ez dagoela jokatzeko prest. Taldea ondo dagoela uste du lehiaketa hasteko.
Athleticek porrot batekin itxi du denboraldiaurrea Atalantaren aurka
Athletic Clubek 1-0 galdu du Bergamon, talde zuri-gorriak 2026-27 denboraldia ofizialki hasi aurretik Sevillaren aurka Bilbon jokatu duen zortzi partiduen azken prestaketa partidan. Nicola Zalewski internazional poloniarrak bigarren zatia hasi eta berehala sartutako golari esker irabazi du partida Italiako taldeak, Athleticek ezin izan du aurreko denboraldiko Txapeldunen Ligan lortutako garaipena errepikatu.
Edin Terzic: “Zaleen zirrara eta babesa antzematen ditut, klubarekiko duten lotura; lanerako jarrera oso ona da”
Athleticek abuztuaren 22an ekingo dio lehiari 2026-2027 denboraldian, EA Sports Ligan, San Mamesen, Sevilla aurkari; horretarako bederatzi egun gelditzen direla, EITBk Edin Terzic zuri-gorrien entrenatzaile berria elkarrizketatu du. “Guk, Ligako beste hainbat taldek bezala, Europan jokatzea dugu helburu”, adierazi du, “eta hitzeman ahal dut gogor lan egingo dugula horretarako”.
Julen Agirrezabala, Racing Santanderrera
Athleticek diru kopuru bat jasoko du 25 urteko atezainaren fitxaketarengatik, eta aldagai ekonomikoak gordeko ditu helburuen, etorkizuneko salmentaren ehunekoaren eta lehentasunez erosteko eskubidearen arabera. Agirrezabalak, 25 urtekoa bera, 65 partida ofizial jokatu ditu Athleticekin, tartean 2023-2024 denboraldiko Errege Kopako guztiak; orduan, euskal taldeak titulua irabazi zuen, eta errenteriarra giltzarria izan zen horretarako.
Nico Williams, Unai Simon eta Aymeric Laporte Lezamara itzuli dira oporraldiaren ostean
Nico Williams, Unai Simon eta Aymeric Laporte entrenamenduetara itzuli dira AEBetako, Mexikoko eta Kanadako Munduko Txapelketa irabazi ostean.
Athleticek 3-1 galdu du denboraldiaurreko azken-aurreko partida Marseillan
Athleticek 3-1 galdu du denboraldiaurreko azken-aurreko partida, Olympique Marseillaren aurka. Stade Velodromen jokatu dute partida, eta Angel Gomes, Igor Paixao eta Tadjidine Mmadi izan dira etxeko taldearen golegileak. Zuri-gorrien gola, berriz, Oihan Sancetek egin du.
Leire Bañosek eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi du
Irungo erdilariak min hartu zuen iragan larunbatean Luancon, Deportivo Abancaren aurka, denboraldiaurreko lehen norgehiagokan. Berdegunea utzi zuen neurketa hasi eta bi minutura.
Mikel Vesgak Athletic utzi eta Almerian jokatuko du datozen hiru denboraldietan
Gasteiztar erdilariak 9 denboraldi eman ditu Bizkaiko klubean, eta Lehen Mailara itzultzeko helburua duen Andaluziako taldean arituko da hemendik aurrera.